Naifagatik eman zidan arreta berriak. Naifagatik eta hutsalagatik, izan ere, parlamentariei garrantzitsua irudituko zaie haien artean hitz gordinak ez erabiltzea baina hiritarron bizimoduetan, zer esango dizuet, hutsaren hurrengoa da. Berandu dator gainera. Fernandoren egia da Espektakuluaren Gizartean bizi garela aitatzea hala nola politikagintza gizartearen ispilu den neurrian bi aldiz dela ikuskizun azpimarratzea, eta neurri horretan ez letorkeela ongi Uriartek proposatu nahi digun espektakulu neurritsu, zuhur eta gizalegetsuarekin. Parlamentariak Erromako gladiadore bilakatu dira aspaldi, eta halaxe portatzea espero dugu. Ikuskizunak denok degradatzen gaitu, bai, baina ekimenean sinesteak ontasunaz harantza gutxi erakusten du.

Badakit zinikoa naizela baina gauden honetan niri gustatu egiten zait parlamentariak elkar amorraturik ikustea, eta amorrazio horrek adimena eta mihia zorroztea, eta gordin eta lodi aritzea. Erridikulua egiten zaizkit horrelako plenoen ondoren kazetarien espantuak. Ilustrazioa bukatu da, politika espektakulu da, eta boterea ez datza parlamentuetan baizik eta Ibex 35ean. Dena dela, zorte ona opa nahi diot Uriarte jaunari bere ekimenean. Benetan diot..