RTEA amaitu baino lehenago txertoekin hasteak gogorarazten du ezinbestez izaki sinbolikoak garela batez ere; azken finean, adituek diotenez, 2020ko abenduaren 27an hastea edo, demagun, 2021eko urtarrilaren 2an hastea berdintsu da. Urtea amaitu baino lehenago hastea 2020. urteari exorzismo moduko bat egitea da, konjuru bat, magia bat, urtearekin hasi zena urtearekin amaitzeko (ados, zehatz-mehatz ez zen 2020an hasi eta, jakina, ez da 2020an bukatuko). Urtea aldatzeko unean horrelako izpi baikorrak ikustea osasuntsua izango da geure buruontzat ziur aski, bukaeraren hasiera eta hori guztia, azkenik.

Beste batzuen ustez, baikortasun olatu horiek, faltsuak ez, baina ez dira oso errealistak: txertoak poliki iritsiko dira eta jendea txertatzeak luze joko du. Irakurri berri dut Nafarroan 36.000 laguni txertoa jarri nahi dietela martxoa bukatu aurretik. Nafarroak 640.000 biztanle du gutxi gorabehera: ez da matematikari aparta izan behar kalkulatzeko uda hasieran ez dela populazioaren % 70a txertatuta egongo. Uda aipatu dut, orain uda baita da totem berria, helmuga berria, uztailaren 1a, hain zuzen ere. Izaki sinbolikoak izateaz gain, oso izaki praktikoak garenez, oraintxe bertan jakin nahi dugu hurrengo urtean "uda salbatu" eta oporrak, hau da, bidaiak eta, izango ditugun. Nire egoera berberean (adina, osasuna, lanbidea... ) dagoen lagun baikor batek kalkulatu du txertoa maiatzean tokatuko zaigula. Ea egia den. Ez naiz ni txertoen aurkakoa, ezta izaki mitologikoen kategoriara iristear dauden Errusiako edo Txinako txertoen aukakoa ere. Nik, ezkorrago, uste dut irailaren 1erako tokatuko zaigula, lana hasi ahal izateko, alegia.

Bide batez, ez dakit nola dabiltzan txertoei uko egiten dietenak. Uste dut laster hegazkin edo tren batean txartela erosteko, hotel edo apartamentu batean logela hartzeko eta herrialde oso batean sartzeko txertoa jartzean emango diguten agiria erakutsi behar izango dugula, gure alde sinbolikoa eta gure alde praktikoa uztartuz. Sinboliko zein praktiko, izaki miragarriak gara, benetan.