ADIRA lelo batean ikasten ditugun ikasgai garrantzitsu eta sakonak. Leloa hauxe da: "La bolsa de Nueva York controla este mogollón" (La Polla Records). Ikasgaia: Neoliberalismoak edozer sal dezake.

Dena dago salgai, denak balio du negozioa egiteko, gauzarik absurdu zein oinarrizkoenak saleros daitezke errealitatetik urrundutako ekonomia sorturik. Jakina da lehen burbuila ekonomikoa kapitalismoaren sorrerarekin etorri zela: tulipanen burbuila. XVII mendean izugarrizko fama hartu zuten tulipanek Herbeeretan, eta espekulazio gai bilakatu ziren. Etorkizuneko merkatua ere sortu zen, alegia, hurrengo urteko tulipanen loreek har zitzaketen prezioen gainean erosten ziren tulipanak. Sortu bezala lehertu zen burbuila, eta jende askok diru asko galdu zuen.

Maila hori hartu gabe baina Kanada eta AEBtan zapatillen merkatuaren burbuila sortzen ari omen da. Ustekabeko dendak sortzen dira merkatal zentroetan, eta erosleek zapatillak erosten dituzte inbertsio moduan gero internet bidez edo ustekabeko dendetan saltzeko. Helburua, jakina, diru erraza irabaztea da. Aurten 2 billoi dolar adinako diru kopurua mugitu da zapatillen salerosketaren inguruan; hamarkadaren bukaerarako 30 billoi dolarreko mugimendua espero da. Salerosketak, noski, bere kultura sortu du, hainbeste Tinker Hatfield disenatzaileak zapatillak "erabil dezakezun arte" gisa definitu ditu. Autentifikatzaileak, erakusketa komisarioak, zapatilla komentaristak, Nike bezalako konpainien bilduma aukeratuak, serie murriztuak, alegia, prezioen puzteari eta merkatuari eutsiko dion ideologia oso bat.

Zapatillen burbuila horrek irribarrea eragin ahal digu baina berriki jakin dugu Wall Streeteko etorkizuneko merkatuetan kotizatzen hasi dela ura. Berriak ez nau harritu, beldurtu, ordea, bai. Aditu batzuk horren onurez konbentzitu nahi gaituzte, horrela uraren kudeaketa eraginkorragoa izango delakoan. Nahikoa ikusi dugu jakiteko pribatizazio orokorraren bidean goazela. Uraren gudan kapitalismoak irabazi duen bigarrren bataila da. Hemendik aurrera espekulazioa etorriko da, espekulazioarekin, garestitzea. Hortik aurrerakoa, badakigu.