MESGAIZTOAK duen onena esnatzeko unea da edo, zehatzagoa izateko, agertu zaizkigun irudi beldurgarri horiek amesgaizto baino ez direla izan konturatzen garenean, askotan esnatu eta segundo batzuetara gertatzen dena, argia piztu, begiak ireki eta errealitateak gure buruak, lo bitartean, eraiki duenarekin zerikusirik ez duenean egiaztatzen dugunean. Lasaitu ederra desagertzen denean izugarria zena. Errealitate gordinean, benetan eta esna-esna, bizi behar ditugun egoera batzuen aurrean amesgaiztoez gogoratzen gara (ez da hau izango amesgaizto bat!), baina jasan behar duguna ez da, makarrekin batera, amesgaiztoa bezain erraz desegiten. Hor irauten du temati. Horrelako sentsazioa izango dute Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek, Arnaldo Otegik eta Miren Zabaletak: begiak itxi-ireki egingo dituzte epaiketa errepika-tzearena amesgaiztoa ala errealitatea den jakiteko.

Errealitate erreala da, tamalez. Espainiako Erresumako Auzitegi Goreneko bigarren salako hamasei magistratuek erabaki dute Bateragune auzikoak berriro epaitu behar dituztela. Espetxean emandako urteak, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak atera zuen sententzia, helegiteak eta abar ez dira ezer. Oraindik ez dute jakinarazi zeintzuk izan diren arrazoiak erabaki hori har-tzeko. Fabrikatu egin behar dituzte, jakina. Zuzenbidean arituak direnek ere ez dute ondo ulertu nola iritsi den Auzitegi Gorena ondorio horretara, arrazoien zain daude; arrazoiak ezagutu eta gero, ulertu gabe segituko dute. Susmo orokorra da sakonean arrazoi politikoak daudela, eta Europako epaitegien aurrean burua tente mantendu nahi izatea. Badirudi ingeniaritza juridikoa egiteko ordua dela, preso politiko katalanak direla-eta, Europatik helduko diren epaiei aurre egiteko. Badirudi epaile espainiarrek, Hungariakoa eta Poloniakoa ikusi eta gero, beldurra galdu dutela. Badirudi mendeku gosea eta gorrotoa bukaezinak direla.

Ziur naiz Bateragunekoek amesgaizto franko izan dituztela azken urteotan. Oraindik ere izango dituzte. Esnatzean ezabatzen direnak eta, batez ere, lo edo esna, hor segitzen dutenak.