ENDE askok uste du Erromako aita santuak sexu bereko bikote zibilei buruz egin berri dituen adierazpenak aurrerapen ikaragarrizkoa direla. Ez dakit nik hainbesterako den. Egia da sexu bereko bikoteak infernura, edo sutara, zuzen-zuzenean bidaltzearen eta aita santuak erakutsi duen erruki mota horren arteko desberdintasuna nabaria dela, baina adierazpenok ez diote Frantziskori estutasun larririk ekarriko. Azken finean, bikote zibilak arautzearena estatuei dagokie, agintari zibilei, ez eliza katoliko erromakoari, eliza estatuen aferetan muturra sartzen beti ibili den arren. Beste kontu bat izango litzateke Vatikanoko Hiriaren Estatuan (horixe da izen ofiziala) bikote zibilei buruzko lege berri bat ezarriko balute bertako biztanleentzako. Han ez al dute babesa eta familia izateko eskubiderik? Hori ez da gertatuko, jakina. Katoliko atzerakoiak haserre daude, nola ez.

Niri gustatuko litzaidake jakitea zer pentsatu duen, adibidez, Eva Brunne Estokolmoko apezpiku izandakoak, lesbiana eta bikote zibilduna. Suediako elizan gertatzen diren gauzak, badakizue. Frantziskok adierazpen mega-aurrerakoi horiek egin baino hilabete batzuk lehenago, Estatu Batuetako eliza episkopalaren agintariek kargu hartu zioten apezpiku bati sexu bereko bikote bati ezkontzaren bedeinkapena ukatzeagatik, zuzenbide kanonikoaren kontra zihoalako. Bi adibide baino ez dira horiek, hamaika daude. Zeren katoliko ez diren kristau asko baitago munduan (hara!): katoliko atzerakoiak bezain atzerakoiak eta katoliko aurrerakoiak baino aurrerakoiagoak. Eliza protestanteetan, gainera, ezkontza ez da sakramentua, bedeinkapena baizik, horrek erraztuko die afera.

Frantziskoren hitz ustez errukigarriak hor geldituko dira, hitz, beste askotan bezala. Dena den, propaganda ederra lortu du: berriro ere hedabideetan, berriro ere figura. Hitz horien azpian dagoen sakoneko umiliazioa oharkabean pasa da, Jose Arregi teologoak nabarmendu duen bezala. Bide batez, aita santuak begiratu al du mapa batean zenbat herritan dagoen jadanik sexu berekoen arteko bikote zibil eta ezkontza legeak? Hor atzean segi-tzen du berak.