NIMALIETAN dauden birus bizkarroiak gizakiengana jauzi egiteari esaten zaio zoonosia. Zoonosiarengatik gaude gauden moduan, SARS-CoV-2a, ustez saguzaharretatik, ugaztun bat tarteko, ustez, gizakiongana jauzi egin zuelako. Baieztapen hori ustezkoak dira, zientzia erabiltzen ari den hipotesiak, baina zoonosia gero eta ugariagotan gertatuko dela ez da jada hipotesia, ebidentziek argi utzitako baieztapena baizik. Bide honetatik jarraituez gero, saguzaharretan, adibidez, kalterik eragin gabe bizi diren koronabirusak errazago izango dute ugaztunetara jauzi egitea, darwinismoa akuilu, haien habitatak desagertzen joan ahala. Kritika ekologiko hori falta zitzaion Contagio Steven Soderberghen filmari zeinak, bestalde, ederki erakusten zuen pandemiaren hasiera eta bilakaera.

Chinan, ez bakarrik Chinan, 10.000 buruko granjak daude, horrek dakarren bioaniztasunaren suntsitze eta ingurugiroari eragindako kaltearekin; animaliek habitata galtzen dute eta birusek errazago dute espezien artean salto egitea.

Zein urruti gelditzen diren itxialdian geundenean denok genuen beldurra eta beldurrarekin mundua bestela, etorri badatorren kolapso ekologikoa saihesteko neurriak hartuz, esaterako, antola zitekeelako, ez dakit zer esan, esperantza?, uste?, ilusioa?

Berriz ere hau dela amestu eta asmatu daitekeen mundu bakarra ustean gaude, kapitalismoak-edo, gure gizarte hiperteknifikatuak-edo, sinetsarazi nahi diguna.

Hau da mundu amestua, hau baino ezin baita amestu. Sistema aldatzera zetozen joerak ahaztu zaizkigu espejismoa izan ote ziren galdetzeraino; esaterako, Eusko Jaurlaritzak Europako laguntzak jasotzeko proiektuetan Lemoiz piszifaktoria kenduta, ez dago ekologia zainduz eta landuz gehigarri ekonomikoa lortzera bideratutakorik; edo ehun produktiboa aldatzeko asmoa duenik; edo ikerketa zientifikoa, eta kulturalaren bidez, zergatik ez, balio erantsia sortuko duenik. Betikoa iruditzen zait. Betikoen mesedetan, gainera.

Gipuzkoa eta Bizkaiko pinu gehienak gaixo daude, Gipuzkoan eta Bizkaian pinua besterik ez dagoelako. Ez balego pinurik, ez leudeke gaixo. Tautologia ematen du, baina ez da.