Etxebarriak euskararen normalizazioan zientzietako goi mailako hezkuntzari egindako ekarpenaz hitz egin dugu, euskal kulturarekiko erakutsi duen konpromisoaz eta bere obraren dibulgazioaz, horiexek izan baitira epaimahaiak aintzat hartu eta Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona sariaren bidez aitortu nahi izan dizkionak.

Hala ere, arrazoiok ia-ia erreskadan joan dira, Jose Ramonen gogoa beste kezka batzuetan ikusi baitut. Egin beharra, konpromisoa eta konfiantza izan dira, berehala, Etxebarriari ahotik atera zaizkion hiru ideiak eta horien inguruan luzatu zaigu arratsaldea. Zorte handia izan duela aipatu du. Dena egiteko zegoen garaikoa izateaz gain, egiteko zegoen horren inguruan, beti, lantalde bat eratu dela azpimarratu baitu, eta hori dela lanerako behar den guztia. Lanean ez dela bakarrik aritu aitortu du eta bere egitekoa, proiektuak abiarazi ondoren, bakarrik eta autonomiaz aurrera egiten uztea izan dela.

Horretarako, bada, taldean sinistu eta konfiantza izan behar dela aipatu dit eta, berehala, ahoa bete zaio esanez, gaur egun izugarri ondo prestatuta dauden gazte ikasle eta profesional talde ezin hobeak ari direla han eta hemen lanean. Horrexegatik, itxaropenez begiratzen diola etorkizunari.

Oraindik ere asko dagoela egiteko errepikatu du. Beharbada, ez dela iraganeko "behar" bezala ikusten; behar horri erantzuteko indarrari ez zaiola "konpromiso" deitzen; eta taldean sinesteari ez zaiola "konfiantza" esaten. Eta hitzok adierazgarriak iruditu zaizkit. Gure gizartearen beharrak zeintzuk diren identifikatzea garrantzitsua da eta, ezinbestekoa, behar horiei garapen bide amankomuna ematea; "behar" deitu edo ez. Eta garapen bide horretan ekarpenak egingo dituzten iritzi eta jakin-tza askotarikoak jasotzea, "konpromiso" deitu edo ez. Konfiantzak, ordea, konfiantza izaten jarraituko du, etorkizunean elkarrekin aritzeko, tonaka beharko duguna.