Txikitan udari buruzko idazlana egin beharra tradizioa zen irailean, ikastetxean hasi bezain laster, ez dakit irakasleek haurtzaroko uda miragarriak irudikatzen zituzten gugan edo ez zekiten zertan eman denbora hasierako egunetan. Udari buruzko idazlan hori gorrotatzen nuen, nire uda bi esalditan laburtu eta ez nekien zer gehiago idatzi. Ez nintzen batere trebea betelana egiten. Behin, nire idazlan pobreari eta txikiari begira, orrialdea betetzeko udan irakurritako liburuak jarri nituen. Irakasleari gustatu zitzaion, antza, eta iraila hasierako lana konponduta izan nuen hurrengo urteetarako, harik eta irakasle zorro-tzago batek hori zerrenda hutsa zela eta idazlana errepikatzeko agindu zidan arte. Musika klasikoan zaletu berri, deskubritutako musiken zerrenda jarri nion. Hobe nuela poesia egitea esan zidan haserre irakasleak.

Ez dizuet liburu zerrendarik hemen paratuko. Behin, eta beste egunkari batean, osatu nuen liburuena. Esango dudan gauza bakarra zera da: irakurritako liburuetako batean idazlea betelana egiten primeran dakiela ikustean, aitortu behar dut ez naizela damutu nire trebezia faltaz arlo horretan.

Nire udaren azken egunean ari naiz hau idazten, abuztuaren 31an. Ez dakit zer topatuko dudan bihartik aurrera. Ez dut susmo onik. Ez dakit zenbat ikasle egongo diren geletan. Hamar baino gehiago seguru. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila hain da eskuzabala. Inoiz ez diet ikasleei udaz idazteko agindu, idazketa lantzeko metodo askoz hobeak ditugu orain, baina agian ez litzateke ideia txarra, behin bakarrik, eskola zaharrera itzuli. Izan ere, azken uda bizirik segitzen dugunon buruetan geldituko da betiko. Ea zenbat iristen garen urte bukaerara.