Ez dugu bidaia luzeak egiteko aukera handirik izan, eta bertakotuago sentitu gara oraingo honetan. Euskal Herriko paraje apartatuen bila abiatu gara, mendi, erreka edota itsas-bazter majikoak deskubri-tzeko xedez. Eta hein batean lortu dugu. Gure herrialde miresgarria, eskurago izan dugu, eta herrixka paregabeak, haran ezkutuak, ibilaldi basatiak, eta baso urrunak bisitatu ahal izan ditugu. Jendeak eskapada luzeak egin ez baditu ere, ez da egon toki trankil horietan metatu, eta zorionez, bakardadea eta isiltasuna izan dira lagun hurkoak.

Beste batzuek inguruko herrialdeetara joateko abagunea izan dute, eta hantxe berdin. Mendi txikiak zein handiak igo dituzte, laku distiragarrietan bainatu dira, eta zeru urdinekin gozamena hartu ahal izan dute.

Baina diogun bezala, hasiera duenak amaiera ere badu. Laster batean, gehiengo handi batek lanerako bidea hartu beharko du berriro, eta egunerokotasun mimetizatu horretan murgilduko da, laneko zereginek itotzen eta estresatzen duten bitartean.

Baina nolakoa izango da itzulera hori? Pandemiak ezarritako bizimodu arraro eta ilogiko horren aurrean, nola jokatu beharko da?

Irailean eskola ere hastekoa da, eta zantzu guztien arabera, ez da batera ohikoa geletarako bueltatze hori. Hezkuntza Sailetik dena bermaturik eta kontrolpean dagoela esan arren zalantza asko argitzeke daude. Gaixotasunaren inguruko azken datuek okerrera egin dute positiboak ugaritzen hasi direlako ia kontrolik gabe. Kutsatuen kopuruak gora egin du eta gaitzaren ondorioz Euskal Herriko ospitaleetan ingresaturik dauden pertsonak gero eta gehiago dira.

Panorama honek oso plangintza zehatza exijituko du adituengandik, eta logikoa denez, aurreikusi daitekeen eboluzioaren aurrean neurriak eta baliabide egokiak jarri beharko dira.

Datozen asteetan, beste bataila bat gauzatuko da ikastetxeetan, hezkuntza, eta era berean osasuna, bermatu beharreko elementu garrantzizko bi badirelako.