Pedro Sanchezek Alarma egoera ezarri zuenean gerora errebisatu beharreko gauzen artean "autonomien balio eskasa" apuntatu nuen, alarma egoerak di-da batez kendu baitzizkien osasun eskumenak autonomiei. Halaxe kexatu zitzaion Iñigo Urkullu Sanchezi eta kexatu beharrekoa iruditu zitzaidan niri ere.

Orain, Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurriak eta ez-neurriak ikusirik, galdetzen diot nire buruari alarma egoera zentralizatua ez zen izango pandemia kontrolatzeko hartutako neurririk egokiena.

EAJ kudeatzaile onaren mitoa horixe ari da azalarazten: mitoa baino ez dela. Kudeatzaile on batek dagoen diruarekin lehentasunak markatzen ditu, eta gaur egun lehentasunak osasungintzan daude. Beldurra ematen du PCR proba analizatzen dituzten Osakidetzako mikrobiologoen deklarazioak en-tzutea -egunkari honetako abuztuaren 17ko erreportajea irakurtzea besterik ez dago-; lehen arretako egoeraz jakitea edo aztarnari falta nabarmenaz jabetzea (1/12.000 laguneko, gomendatutakoa 30/10.000koa denean)

MOE-k argi eta garbi esan du inbertsio faltagatik jarraitzen duela pandemiak aurrera.

Eta ikasturte hasiera dator, adituek diote, birusaren erreproduzitze tasa altuegiarekin. Steilas-era deitu dut galdetzeko Hezkuntzaren protokolorik ailegatu zaien, eta "momentuz ez daukate" ezer ez. Ikasturtea hasteko astebete falta dela, zuzendaritza taldeetan ere ez daukate ezer ez.

Eusko Jaurlaritzak ez du agintzen alemanen edo norvegiarren gainean, euskal herritarrak ditu hiritar, alegia, sozialki oso promiskuoa den populazioa; eta denok horren promiskuoak ez izatera beharturik bagaude ere, hori kontuan hartu behar dute agintariek. Hori litzateke kudeaketa ona, baina, ez, Euskadi is not different, is the fucking same.