Beste kasu askotan, ustez gorrotagarria den pertsona hori hainbat hedabideetan agertzen delako, jarrera despota duelako, errespetu eta moderaziorik gabeko tipoa edota indibiduo hantustea delako sentitu izan dut. Hori normalago eta ohikoagoa izan daiteke jende arruntaren artean, hortaz, ez nau hainbeste kezkatzen.

Bada, diodan hori beti agitu zait Pablo Casado popularren idazkariak Espainiako Kongresuan alderdiaren bozeramaile kargutik kendu duen Cayetana harekin. Ez dut pairatzen, duen itxuragatik, ahotik laidoak eta bestelako perlak botatze-ko duen joera kontrolagaitzarengatik, eta batez ere, bere aurpegikera ironikoarengatik. Ematen du dena dakiela, "zuok bastardook, ez dakizue ezer ezertaz" esaldi mehatxagarria tai gabe eta begiekin solik esaten arituko balitz bezala.

Kontua da Espainiako Alderdi Popularra noraezean dabilela beste behin, okertzen eta desokertzen, oreka bilatu nahian berriro desorekatzeko. Duela hilabete batzuk, Casadoren apustua izan zen Toledoko emakumeari kargu on bat eman zitzaion, baina bere jarrera ez da batere moderatua izan. Denen kontra mintzatzeko gaitasun itzela erakutsi du, eta ez du inoiz mingainean herdoilik izaten. Ez dakigu datorrena nolakoa izango den, baina egin den beste aldaketa bat Madrilgo alkatea den Jose Luis Martinez-Almeidak protagonizatu du. Gizon hori ere ez da atsegin zaidan politikaria, eta seguruenik, maila apalago batean bere ezjakintasunak eta epelkeriak botako ditu.

Eta ez dakit, baina baliteke laster batean Ayuso ere ate birakaria hartzea eta eguneroko politika saltsatik kanpoan ikustea. Zein maila eskasa erakusten duten politikari horiek!