Politikan jarduten dutenen kudeaketa txarrak edota zenbait kasutan erakutsi duten ezjakintasunak ez ote dute gauden egoera hori ekarri? Horren ondorioz bizi ari gara bizi ari garena, edota gazteek dute protokolo zuzen guztien kontrako ekimen esperpentikoen errua?

Alarma klimatologikoa bertan daukagu, aspalditik daukagu, eta benetako arazo ikaragarri handi bilakatuko zaigu, baina boterean bizi eta arnasten dutenek bestelako lehentasunak izan dituzte beti: dirutan igeri egitea, kosta lain kosta. Eta arduragabekeria gazteek dute? Etorkizun goibel, ilun eta pandemia kontrolagaitzez beterikoa utziko diegun horiek?

Gainera, duela gutxi irakurri dut gazteen arteko pobrezia handitzen ari dela, batez ere 16 urte bitartekoen artean. Horietariko batzuk arriskuan daude. Beren etxeetan hilaren amaierara heltzea safari baten moduko bidaia da, borroka luzea, inkognita hutsa. Etxe horietan bat-bateko gastu bati aurre egiteko gorriak ikusten dituzte, eta udan gainean dugula, askok telebistan saltzen dizkiguten kostaldeko opor paradisiakoak ordaintzeko beste ez dute izango.

Espainiako gobernuak ez dute ezer ere egin gazte horiek guztiek benetako hezkuntza bat izan dezaten, etorkizun itxaropentsu bat edo benetako lan duin bat izan dezaten, Europan edota munduan zehar barreiaturik lan bila amai ez daitezen. Baina gazteak dira errudunak. Bai, jakina!

Horren adibidea, erkatze batek eman dit. Covid-19 horren krisialdian sanitarioek eginiko lanagatik, Frantziak soldata igoko die, eta zortzi mila milioi zuzenduko dira horretarako. Espainian, guardia zibilei igo zaie soldata. Espainia halakoa da.