Ez dut nik salatuko langilearen jarrera, aginduak bete besterik ez duelako egin, bere lana egin duelako, besterik ez, baina pena sentitu dut, pentsatu dudalako birusaren ondorioz ezarri zaigun urruntze sozial honek, bestelako urruntze asko ekar ditzakela. Edo agian urruntze honek inoiz baino argiago utzi duelako lehendik ere urrun-tzen gindoazela elkarrengandik, gizarte honetan gero eta zailagoa dela bestearenganako enpatia agertzea, bestearen arazoak, arazoak baino gehiago bestearenak direla gero eta gehiago. Zuk ikusi. Nik uste bi hitz horiek egin didatela min gehien, hamahiru euroak ordaindu beharrak baino. Zure arazoa da, ez nirea, esateko modu hotz horrek.

Txartelarekin ordainduko dudala esan diot, eta orduan berak esan dit ea nahi dudan zifra borobildu. Botoi berdeari emanez gero, hamalau eurora arteko diferentzia hori Correos-ek bultza-tzen duen proiektu sozialen bat laguntzeko bideratuko dutela, bestela gorria zapaltzeko. Botoia zapaldu dudan une horretan bertan konturatu naiz birusa baino kutsakorragoa dela elkartasun eza. Irtetean, gaizki sentitu naiz. Dena bost gramorengatik.