Hala erakutsi zuten joan den astean euskal liburuaren sektorean aritzen direnek. Pandemiak krisialdi orokor bat ekarriko du esparru guztietara hedatuko dena, eta kulturak ez du horren kontrako antidoto eraginkorrik. Kultura, geure identitaterako hain beharrezko egiten zaiguna, geu ezaugarritzen gaituena, ito larrian dago. Ekonomia da herri industrializatuen motor digantea, diru-espasmo eskergatan herrialdeak mugiarazten, indartzen edota zapuzten dituena. Eta gizarteko sektore horren kontra gutxi ahal du kulturak, beti mendean izan baita, bigarren mailako jardun gisan. Baina hori barik ere ez gara.

Manufaktura handienetara joango dira geure diru guztiak, makroekonomiaren engranajeak geldi ez daitezen, produkzioak berriz gora egin dezan, betikoak aberatsago bilaka daitezen, beste esparru askotan menpekoek soberakinetatik eta apurretatik bizirauten duten bitartean.

Kultura eta liburugintza ere zauriturik izan dira, eta ezinean dabiltza, 2008koaz geroztik atzeraldiak eta krisiak erabat ahuldu egin dituztelako. Eta jasaten ari garen honek ekarriko dituen kalteak dramatikoagoak izango dira.

Hortaz sektore horrek, biziko bada, "aitortza, inbertsioak, sustapen kanpainak, konpentsazio neurriak eta aldaketa estrukturalak behar ditu". Sortzaileengan jarri behar da jomuga, eta ahalbideak eman: beka gehiago eman; estatus berezi bat aitortu; abantaila fiskalak eta bestelakoak luzatu; programa literarioak ez eten; jardun literarioak diruz lagundu eta sustatu€.

Eta era berean, liburuaren munduari atea zabaldu eta bidea erraztu. Horixe da eginbeharrekoa. Bestela, zer izango gara? Globalizazioaren seme sasikoak? Diruaren jainkoari gur egiten diogunak? Ala kultura-animaliak?