Argi dago euskara ondo dagoela gure koloreekin bat doan ukitu folklorikoa den bitartean eta elebitasunak, beti ere, lehen eta bigarren mailako hizkuntzak errespetatzen dituenean. Klubek ere euskararen aldeko kanpainak eta adierazpenak egitea oso ondo dago, garrantzitsuak diren albisteak, beti ere, guztiok ulertzeko moduan ematen dituzten heinean.

Argi dago, halaber, adierazpen askatasunak ere lehen eta bigarren mailako hizkuntzei lotuta behar duela. Eta askatasuna bera ere, lehen eta bigarren mailako bilaka daitekeela.

Kirolarien hizkuntza hautua, hizkuntzaren erabileran erreferentetzat hartu nahi izan diren figura garrantzitsu horien eskubidea, ñabardura folklorikoaren baitan ulertzen dute batzuek. Eta lehen mailako hizkuntza erabiltzera gonbidatzen, garrantzitsuak diren beste behar jainkotiarretarako.

Asko dago egiteko. Eta, horretan, Athletic bezalako klubek izugarrizko lana egin dezakete kirolariek, beren adierazpenetan, hizkuntza hautatzeko eskubidea errespetatua eta bermatua izan dezaten, eta jarraitzaileei hautu hori eskubidea dela adieraziz. Harrobiko neska-mutilak ez dituela bakarrik jaioterriak egiten harrobiko jakinaraziz.

Eta asko dute egiteko, baita ere, komunikabideek, kirolarien edota adierazpenak egiten dituzten ezein herritarren esan beharrekoak normaltasun osoz jasoz eta behar den neurrian dagokion itzulpena eskainiz, albistearen iturri den subjektuaren hizkuntza eskubidea bermatuz eta hizkuntzaren auzia albistearen gainetik egon dadin ekidinez.