Ez dakit zein egunetan izan zen, baina normaltasun berriak astialdiko ateak zabaldu dizkigunez, tarte horiek ondo aprobetxatzeko sasi-poteoren bat egiten ari ginen kale artean musika indefinitu bat entzun genuenean. Ondoko lagunak esan zidan Espainiako alderdi ultraeskuindar baten mitina zela, hiru letra dituen horrena. Harridura aurpegiaz esan nion, hemen? Ia zero boto atera-tzen duten tokian? Hona euren gorroto-performancea zabaltzera etortzen direnetan, Euskal Herriak kanpaina ederra eskaintzen die sasi-politiko horiei, hemen aurrez aurre izaten baita populua. Pairaezinak dira saldu nahi dutena, erabiltzen dituzten gezurrak, hedatzen dituzten faltsukeria, arrazakeria, xenofobia eta sunda.

Kontua da eguraldi petrala egiten zuela egun horretan, eta aldizka euri-jasa ederrak botatzen zituela. Kuriositatea ase egin nahian zonalde hartara hurbildu nintzen ea zer, nortzuk, eta nolakoa zen parafernalia hura. Karpa moduko estalpe baten azpian, dozena bat pertsona meta-tzen ziren, euritik babesteko. Hura zen deialdiaren erantzuna, elementu patetiko batzuk. Euria atertu zuenean, multzoa handitu egin zen apur batean.

Entzun ahal izan nituen asta-kirtenkeriek nire onetik atera ninduten, probokazio hutsa zen hizlariaren ahotik ateratzen zen guztia. Inguruan ekitaldiaren kontrako oihuak entzuten ziren, balkoietan lapikoen danborrak, eta pankartaren bat ere ikus zitekeen.

Beste toki askotan egiten den bezala, suposatzen dut desinfekzio antifaxista burutuko zela gero, horrelako arrastorik ezin geldi daitezke geure herrian, izan ere, profilaxi zehatza dugu ultraren politika ustelaren kontra.