Hijos de Torremolinos zuen izena nobelak eta jatorri ugarietako gazte batzuen gorabeherak konta-tzen ditu Torremolinos, Iruñea, Algarbe, Marrakets eta Mozanbike eszenario: drogak, norbere buruaren aurkikuntza, homosexualitatea, askatasuna, arrazismoa, judutartasuna, islama, maitasuna erabiltzen ditu James A. Michener idazleak, susmoa dut, esan bezala, estilo eta forma baldarregian.

Egunkarietan-eta askatasun eremutzat ageri da Torremolinos azken boladan eta halaxe izan zela ziurtatu didate Malagako adiskideek, zeinek 70 hamarkadan aldirietako trena hartzen zuten erdigunean dauden taberna eta diskoteka gay, lesbiar eta transetan nazioarteko faunarekin nahasteko. Nonbait, gainbehera poliziak Pasaje Begoña kantoian 1971ko ekainaren 24an egindako atxilotze batekin hasi zen, 300 lagun detenitu zituzten, eta, hainbat, beren jatorrizko herrialdeetara deportatu. Correosek LGBT banderarekin egin duen zigiluaren azalpenean ere Pasaje Begoñako atxilotze hori ageri da bertako askatasun airea azpimarratuz. Beste nonbait Espainiako Stonewall bezala saltzen dute. Arretaz bilatu dut atxilotzeetan istilurik izan ote zen, harrika egin zieten poliziari, eta ez dut horrelakorik aurkitu. Ez naiz han zeuden homosexual, lesbiana eta abarren heroikotasun falta salatzen ari, neuk ere berdin egingo nuen; ez, historiaren aurrean norbere burua ederresteko nahiaren kontra ari naiz. Pasaje Begoñan ez zen harri bakarra ere jaurti, Franco ohean hil zen eta GALen X nor zen denok badakigu ere, zertarako iragana nahasi. Argazkian guapo agertzea da kontua.