Bada, zer diren gauzak, aste honetan buruan ments dutenen esaldi asko entzun ditut. Pandemiaren negazionisten kontu zoroak dira, zalan-tzarik gabe, baina larriena da hedabideetan jende ospedun eta eskolagabe hori agertzen dela, eta ahalkegarri suerta daitezkeela jendilaje horren gaizki esanak.

Eliza tartean dago. Espaniako ez dakit zein hiriko apezpiku handi batek Covid-19 gaixotasunaren kontrako txertoaren ikerkuntzan fetuak erabiltzen ari direla, eta hori infernuko deabruaren maniobra bat dela esan du meza batean, kristau sinestun koitaduen aurrean. Mendeetan harri bat baino gutxiago mugitu ez, eta moldagabezia osoz bere printzipioak aldatu ez dituen elizako morroiak astakeria horiek esatera ausartzen dira. Baina jende boteretsuak ere kaikukeria paregabeak esan ditu. Unibertsitateko erretoreren batek dio txip modernoak barneratuko dizkigutela txertoarekin, eta ondorioz, erabateko kontrolpean biziko garela (gehiago?).

Baina entzun dudan azken kokolokeriak pentsakor utzi nau. Hortik aditu dut AEBetako CIA Inteligentzia Agentziaren hainbat dokumentu desklasifikatu direla eta horietariko batean esaten da Felipe Gonzalezek mertzenario talde bat sortzea proposatu zuela, ETAren kontra aritzeko. Zelako pellokeria, ezta? Hurrengoa izango da, guardia zibilak txosten faltsuak egiten dituela.