Sestaoko ertzain-etxeko nagusiarena ez da askoz samurragoa. Kotxe ofiziala erabili zuen bajan zegoen bitartean, baina ondo ezagutzen duen batek esan dit hori ez zela ohikoa. Egun hartan erabili zuen, bai, eta ez zen jokabide egokia izan, baina polemika horren guztiaren atzean Ertzaintzaren izen onaren aurkako kanpaina bidegabea ikusten dut. Arau-hausteren bat egin badu, zigortuko dute, baina ez dezagun epaiketa paralelorik egin.

Zarautzen denok ezagutzen dugu elkar. Finean, herri koskor bat da. Azken egunotan ez da beste hizpiderik izan hemen: ezker abertzaleak herrian duen erreferenteetako batek sexu abusuak egin omen dizkio Arranoko tabernan lan egiten zuen zerbitzari bati. Gizon umila da ustezko erasotzailea, ez dakit nola arraio gurutzatu ote zaizkion klabeak neska gazte batekin jokaera desegokiak izateko. Dena den, Arranotik eta ezker abertzalearen egitura guztietatik kanporatu dute. Zer gehiago egin behar da? Ez dezagun kasu hau erabil sexu erasoen aurkako protokoloak ondo baino hobeto egituratuta dauzkan alderdi bat kakazteko.

Egiari zor, Osakidetzako kargu ohia ez dut ezagutzen, ertzainburuaz inork ez dit ezer esan, eta Zarauzko erasotzailea nor den ere ez dakit. Baina aurreko hiru kasuetan aipatu ditudan horien antzeko juzku epelak eta justifikazio desegokiak irakurri ditugu hiru protagonisten inguru laboral eta ideologikoetako jendearengandik. Norbere gertukoen okerrak kakotx artean jarri eta besteenekin oso gupidagabeak izateko ohitura daukagu. Batzuei ukendua eta besteei labana. Geure kamustasunean besteekin zorrotz.