FaktoriaBerria

Urkullu: “Gerrikoa estutu beharra? Langile publikoak ziurtatuta dauzka bere lanpostua eta soldata. Kon-tziente izan beharko ginateke zer arrakala dagoen funtzio publikoaren eta arlo pribatuaren artean, eta funtzio publikoan gaudenok jakin behar ditugu arlo pribatuan egiten diren sakrifizioak, esfortzuak. Elkartasuna adierazi behar dugu”. (Ez nuen gu hori -ez dakit maiestatikoa den- gogoratzen).

Langile publiko mota asko dago Iñigo Urkullurengandik hasi eta eskola garbitzaile kontratatutik pasatu, hezkuntza funtzionarioarekin jarraitu, eta, demagun, Osakidetzako ordezko zeladorera arte. Horiek denak dira langile publikoak, eta soldata desberdinak izateaz gainera, kontratu egoerak ere oso desberdinak dituzte, izan ere, Zazpi Kaletako taberna edo denda bateko jabeak Osakidetzako aldikako langileak baino finkotasun handiagoa izan dezake; beraz, ezin zaio langile publikoei horrela orokorrean, elkartasuna eskatu, lanpostu guztiak ez baitira ez ziurrak ez finkoak.

Urkulluren hitz horietan, dena dela, badago langile publikoekiko halako susmo txar bat ala nire langile publikotasunaren paranoia da? Eta bestalde, non gelditu da, estatua berme, lan finkoa izateko ahalegin hura zeina gaur egundik begiraturik utopiatzat jotzen baita? Gure belaunaldikoen gurasoek konkista sozialtzat jotzen zuten lan finkotasuna, bermea baitzen enpresarien gehiegikeriei aurre egin eta bizitza proiektua aurrera ateratzeko (gero jaiotze tasa eskasaz kexatuko dira politikariak!) Lan finkoa izatea, bekatu berria!