Roaming

Detektibe nobela askotan ageri da botere ekonomiko eta politikoen arteko txirikordatze estua, eta, niri batzuetan, detektibe pribatuaren figura arraroa egiten zaidalako, beharbada, zaila egiten zait txirikordatze estu hori irudikatzea, harik eta egunkarietako berriek zaplazteko batez errealitate gordinera jaitsarazten nauten arte. Esaterako, Isabel Diaz Ayusori ostalaritzako enpresari batek "alokaturiko" pisu zoragarria, edo Albert Riverari enpresari horrek berak urte biz utzitako 300 metroko pisua. Detektibe nobela batek galdera zuzena eginaraztera eramaten gaitu: zeren truke? Izan ere, trukea zuzenekoa ez bada, politikaria zorretan gelditzen da, "mesede" hori noizbait ere itzultzera behartua.

Horrela funtzionatzen du botereak, mesede -eta truke- sarea zeina pilatuz-pilatuz itzela bilakatzen baita, ustelkeria hori berezkoa bihurtzeraino. El caballero oscuro filmeko ikasgaiak ongi agertu bezala: politikoek gezurra esatera beharturik daude, egia esango balute sistema lehertu egingo baili-tzateke. Eta hori badakitenez, gezurra boterean aritzeko beste tresna bat baino ez zaie iruditzen. Eta horrela politikari horiek funtzionatzeko modu hori ikasten dute, beren estatusa hauteskundeen bidez zilegiztatu beharra baldin badute ere, badakite, sakonean, nahi dutena egin dezaketela.

Are gehiago, gezurra esatea herriaren onerako dela botatzen dute lasai-lasai. Halaxe egin du Iñigo Urkulluk hauteskundeak deitzeko: Euskal Gizarte Txit Demokratiko Kudeatzaile On Eta Langilea Espainiako Bataz Bestekoaz Gain Dagoenaren izenean deitu ditu hauteskundeak. Bera bitartekaria baino ez da.