Baina nik begiak kalean jartzen ditut, nire inguruan, munduaren beste bazter askotan, eta pertsona zaurgarriak baino ez ditut ikusten, bai eta euren pobrezia eta prekarietatea ere. Ilarak ikusten ditut, lagun bat bestearen atzetik errespetuz, egunerokoa aurrera atera ahal izateko janaria eskatzen, lanik gabe, bestelako laguntzarik gabe lotu direlako.

Ez ditut politikoak lan xehe horiek egiten ikusten, auzokide prestuak eta onberak baizik, borondate ukiezinaren garaileak. Horiek aritzen dira bertoko auzotarrek egunero bazkaltzeko behar dituzten gailetak, laboreak, barazkiak eta arrautzak poltsa batean biltzen, familia behartsu bati emateko, bi seme-alaba dituen emakume dibortziatu bati emateko, hirurogei eta hamar urte pasatxo dituen jubilatu zahartuari helarazteko, endekapenezko gaixotasuna duen andrazko triste eta nekatu horri banatzeko.

Horiek dira, mediku eta ertzainekin batera, lan digante, duin eta oinarrizko bat egiten dutenak. Besteak estratega afizionatuak dira, makro-egiturei eta enpresetako ekonomiari begira arau biribilak pentsatzen dituztenak, biolentzia estruktural bateko seme-alabak sortzen dituztenak, faseak eta ordutegi lerdoen bilduma ulertezinak antolatzen dituztenak, jendearengana hurbiltzen ez direnak, jendearengandik gero eta urrunago daudenak.

Beste horiek pertsonengan pentsatzen dute. Hori diote. Eta nik diot, hori egin beharrean, zergatik ez dute normaltasun berri hori habitatuko duten munstroenagan pentsatzen?

Nora goazen eta haraino heltzeko egiten dugunak esango digu benetan nortzuk garen.