GUNOTAN, birusak sorturiko egoera irrazionalaren aurrean, makina bat iritzi eta esaldi argigarri irakurtzen eta entzuten ari naiz. Honakoak: Pandemiak bizimodu berria ekarri du. Guztion irudiko, gaur egungo gizartea eta sistema politiko-ekonomikoa kolokan jarri beharko lirateke, horiek baitira egoera honetara bultzatu gaituztenak. Orain dago sistema berri bat abiatzeko eta borrokatzeko aukera, eta hori hala bada, errespetu handiagoa duen gizarte enpatikoago eta lagungarriago bat erdietsiko dugu, muturreko pentsamendu politiko faxista guztien gainetik. Elkartasunaren garaia da, ez miserableena.

Dugun gerra bakarra da inguratzen gaituen zen-tzunbakokeriaren kontrakoa. Birusa ez da arerioa, gure arerio indartsuena beldurra da. Beldurra oparitzen digute segurtasuna saltzeko, eta orain beldurra elikatzeko ezer egiten ez duen Espainiako armada Euskal Herritik ikusi dugu. Zertarako? Maniobra propagandistikoak egiteko baino ez. Oligarkiak shock egoera sortu nahi izan du.

Legez zorrotzez, inpunitate osoz, autoritarismoa ezarri du gobernuak segurtasunaren izenean, eta geolokalizatzaile bat ere geure mobiletan, jakiteko non gauden, nora mugitzen garen,€ hori bai dela autoritarismoaren deriba.Normaltasunera itzulezinezko bidea urraturik dago. Gizarte post-apokaliptikoaren irudia gero eta hurbilago dago. Orain itsasoa eta zerua urdinago agertzen dira, kutsadurarik gabe, zer gertatuko da industria eta botere ekonomikoa aktibatzen diren unetik aurrera? Pandemia hau pasako da, eta beste batzuk etorriko dira, eta bitartean zer egingo dugu askoz hilarriagoa den alarma klimatikoarekin?

Dena da histerismoa. Eliteen mesedetan, hedabideek elikatzen duten informazioaren espiral sentsazionalistak ez du mugarik. Egunero hildakoak eta hildakoak aurkezten dizkigute beharrezkoak ez diren datu morbosoekin loturik, eta gero diote geure adinekoekin arduraturik daudela. Albisteak egiteko eta zabaltzeko modua aldatu, eta ez larritasuna sortu.

Herritarron ardura da bizitza bizigarriago bat izatea; besteona, birpentsatzea. Kitto.