Zirrikituetatik begira

Batera

06.04.2020 | 00:22
Batera

UMETAN lau gauza garrantzitsu erakutsi zizkidaten: lehenbizi, Euskal Herria euskaraz egiten zuten herrialdeek osa-tzen zuten lurralde eremua zela; bigarrenik, euskara batua zela euskaradun guztiok elkar uler-tzeko hizkuntza, guztiontzako bat eta bera; hirugarrenik, euskal herritar izateak berdintzen gintuela (ez gipuzkoar, bizkaitar, nafar, bilbotar edo eibartar€) eta, azkenik, Aberri Eguna zela euskaldun guztion eguna.

Umetan ikasitakoak beste era batera direla onar-tzeko, arrazoi potoloak behar izaten dira. Eta, orain arte, ez dut halakorik aurkitu. Hala ere, Aberri Egunaren azken urteotako ospakizunak ez dakit zenbateraino izan diren euskaldun guztionak. Esan nahi baita, alderdi politikoek eurenganatu duten ospakizuna izan dela. Nork berea eta bere erara ospatu du eta, herritarrak, batera edo bestera joan behar izan du guztiona den zerbait alderdi batek antolatu duen era partikular batean ospatzera. Euskal herritarrak batu beharrean, euskal herritarrak banatzen dituen ospakizun bat izatera iritsi da.

Datorren igandean Aberri Eguna balkoietatik eta "batera" ospatzeko deia gonbidapen axal bat baino gehiago da: denok elkarrekin guztiona den zerbait ospatzeko gonbidapen xumea da, batetik. Ez dela gutxi. Zerbait xumea egiteko batzeko nahia dugula adieraztea eta horretarako egin beharrekoak egiteko akordioetara heltzeko ahalmena dugula erakustea. Baina, bestetik, euskal herritarroi izateko eta egiteko moduak aukeratzeko ahalmena ematea da. erakunde eta instituzioetatik haratago.

Gure gizarteak, etorkizunean, zibilagoa behar du izan. Erpinetara jotzen duten ideologietatik urrunago. Erabakitzeko ahalmen handiagoarekin, erakunde erraldoien menpe egon gabe. Elkarrekin eta batera eraikiko diren proiektuen gidari. Gure komunitate anitzak, herri bat izan nahi baldin badu, diferentziak limatu beharko ditu, berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatu beharko ditu eta amankomunean jarriko, kudeatuko eta gozatuko ditugun egitasmoak bizi beharko ditu, guztiona den zerbaiten zati garela sentitzeko. Maite dugun hori guztiona dela aldarrikatuz.