AZKO Euskadi ikerkuntza saria eman diote asteon Joseba Agirreazkuenaga bilbotar historialariari. Hari galdetu behar diot, holako batean, historialari edo denboran zehar jasotzen denaren kontalari diren historia liburuak egiten dituztenak. Kontalari soilak ez behin honezkero, egile bakoitzaren interpretazioari dagokiolako sarritan lanaren ondorioa. Bihurtu du behin honezekero muturra Busturiko danborileroak, hainbat lagunek hortaz dugulako, herri hartara duen joeragatik eta bazkari edo beste jairen baten aitzakian biltzen garenean azkar demonio ateratzen dituelako txistua eta danbolina kanta soinuan jarduteko edo gixarajo honi aurreskua dantzarazteko. Muturra bihurtu esan dut hain ikerketa sakonak egin ondoren emai-tza egia oso eta borobila izango delako.

Euskal Herrian ez ezik munduan zehar jardun izan du Josebak 1989 ezkerotik ikerkuntza lanetan. Edozein harrokerietatik landa "... ikerketa talde baten ibilbideari..." lotzen du arrakasta, "belaunaldi berrientzako ere ibilbide zientifiko-akademiko baten ispilu eta erreferentzia bat izan daiteke saria" dio, orain bai harrotasunez, Berria egunkariak egin berri dion elkarrizketan.

Ikasle eta ikertzaile fina izateaz gain, bide lagun bereziak aukeratzen ere aparta izan da Agirreazkuenaga. Joxemiel Barandiaranek sortu zuen Etniker Euskalerrian eman zituen ikerlari lehen urratsak eta amultsu gogoratzen ditu harekin izandako bizipenak. Euskal kulturaren beste munstro bat hartu zuen doktore tesia egiteko, Julio Caro Baroja. Nire bizitzan, G. Arestirekin eta Alfonso Otazurekin batera, aukera bakarra izan nuen Caro-rekin egoteko eta solaskide ikaragarri ona zela jakiteko. Horrela deskribatzen du Josebak ere aipatu elkarrizketan.

Hainbat lehenago, Deustuko Unibertsitatean hasi berri zela ezagutu nuen Joseba, Anaitasuna erredakziora artikuluren bat ekartzera azaldu zitzaigunean. Haren lana irakurri, A. Zelaietarekin komentatu eta hain gazte irudituz bat-batean galdetu nion ea nondik ateratzen zuen denerako astia. Berehala erantzun zidan 18 urteko mukizuak "Denbora nahikorik ez bada sortu egin behar da".