GERO eta gehiago ziren R28D ultrabirusarekin kutsaturiko biztanleak, eta gero eta handiagoak ziren esparru guztietatik ailegatzen ziren ohartarazpenak; mediku eta osasun langileak, etengabe plazaratzen zituzten izurriari aurreko egiteko aholkuak; soziologoek ohitura aldaketek eragindako bakardadearen kontrako neurriak aldarrikatzen zituzten; fisiko teorikoek jendearen espazioan egindako mugimenduek fisika kuantikoarekin zuten antza azpimarratzen zuten; enpresariek, galerak baina espantu gehien egin zutenak ekonomistak ziren. Haien iritzitara bazirudien munduaren akabera bertan zegoela; kutsaturiko baten birusaren kopurua nola, halaxe erakusten zituzten BPGren gorabeheren grafiko distirantak prentsaurrekoetan; gure mundua, ezagutzen genuen moduan, bukatzear zegoen.

Kutsatuak asko izanagatik, ez zuten sintomarik, baina hala ere gobernu gehienek onartu zuten MOEk proposaturikoa, eta martxoaren 7an mundua gelditu egingo zen horrela gaixotasunaren hedapena kontrolatu ahal izateko. Gobernuek komunikatzaile eta adituak izendatu zituzten horren berri eman eta hartutako neurriaren larria inork zalantzan para ez zezan.

Bezperan, eguerdiko ordu batean, telebista guztiek egin zuten bat, eta ingelesez jende guztia etxean gelditzeko agindu zorrotza ezarri zuten heriotza zigorraren mehatxupean.

Ailegatu zen eguna eta gelditu egin zen mundua. Ez zen inor kalean, hiriak hutsik ageri ziren, burtsak itxirik, igogailuak, geldirik, autorik ez errepideetan, ez trenik estazioetan, isiltasuna zen leku guztietan. Mundua gelditurik zegoen. Jendeak pixka bat itxoin zuen aldarri, ohartarazpen, profeziek agindutakoa, alegia, apokalipsiaren zarata entzuten ote zen, baina ez zen ezer entzun. Noiz entzungo zuten apokalipsiaren zarata? Ez zen gaizki egoten isiltasun hartan. Baina gutxi iraun zuen, hasi ziren autoak martxan, hiriak zarataz bete ziren, burtsak ireki zituzten, zaborra biltzen jarraitu zuten kamioiek, gerretan bonbak jaurti zituzten, errefuxiatuek mugetan pilatu ziren, R28D birusa garaitu zuten, lasaitua hartu zuten, azkenean, ekonomistek. Normaltasuna.