ASTE honetako lehen hitza nazka-mina da. Min ezkorra. Turkiako eta Greziako mugetan milaka errefuxiatu metatzen dira, etorkizun berri baten zain. Deskalabruzko bidaian piraturiko une gaiztoak ahaztu nahian dabiltza, aurretik zabaltzen zaien lurrari begira. Eta horien kontra, inguruko bizilagunak eta poliziak ari dira beldurra hedatzen, gehiegizko indarkeria erabiliz. Irudiak mingarriak dira. Pertsona ba-tzuk txalupa batean mukuru, zaurgarritasuna airean, isilik, izuak jota, eta portutik jendilaje batek laido denigranteak eta gogorrak botatzen dizkiete eten gabe, lintxamendua probokatuz. Itsasoan ere poliziak errudun, maniobra gaiztoak eginez, etorkinen txalupa desorekatzeko xedez, makilakadaka. Gizabakotasuna eta bihozbakotasuna erabatekoak dira espazio eta denbora zehatz horretan, batez ere talde faxisten eskutik.

Eskrupulurik gabeko gizateriaren esperpentoa zabaltzen da egunero geure begien aurrean. Orain birus berriari adi-adi begira dagoen Europar Batasunak ez du zirkinik ere egiten arazoari heltzeko, eta modu zinikoan jarduten du besteei errua botatzen. Faxismoaren kontrako pasibitatea da birusik larriena, horrek eragin zuzena baitu populuan. Gaixoaldiak badatoz eta badoaz, baina talde horiek geure inguruan aritzen dira inpunitatez, lotsagarriro.

Aste honetako bigarren hitza pena da. Liburu batean nuen bere sinadura: Ernesto Cardenal. Nikaraguako poeta ezagunenetariko bat izan da, eta duela egun batzuk hil da. Aspalditik jarraitu izan diot, batez ere bere literaturari dagokionean, eta gomutan dut arrasto handia utzi zidala bere Cantico Cosmico liburu mardulak. Irakurketa sendokoa iruditu zitzaidan, eta gozatu egiten nuen hartzen nuen aldiro. Hilabeteak eman zituen lan hark nire mesanotxean, leihoaren aurrean, harik eta eguzkiaren argizko botereak portadako kolore grisa jan zuen arte. Bertako galaxiak, planetak, gerrak, torturatuak, tribuak, leinuruak... eta lerroak eta lerroak ditu nire liburuak azpimarraturik, guztiak buruan sartu nahiko banitu bezala.

"En el principio no había nada, ni espacio, ni tiempo". Eta laster batean, gizakirik ere ez.