Pasa de astelehenean George Steiner hil zen New Yorken 90 urte zituela, eta berarekin hil zaigu literatura eta mundua ulertzeko modu modernoa, eta, susmoa dut, baita Postmodenitatea deitu dugun hori.

Parisen jaio zen Vienako judutar jatorriko familia batean, aitak antisemitismoa seinale harturik lehenagotik sumatu baitzuen nazismoaren etorrera, eta Frantziako hiriburura aldatu. Handik York Berrira egin zuten ihes Bigarren Mundu Gerra lehertu zenean. Cambridge eta Princetoneko unibertsitateko irakaslea, Oxford, Harvard, Geneva eta abarretan eman zituen klaseak. Hiru hizkuntzatan hezi zuten, alemana, ingelesa eta frantsesa, eta italiera, latina eta greko klasikoa ikasi zituen beranduago.

Steinerrek denaz zekien, bere letretako ezagutza itzelari, literatura, filosofia, hizkuntzalaritza, antropologia, mistika, zientzien gaineko ezagutza gehitu behar zitzaion. Bere Tragediaren Heriotza saioa literatur konparatuko libururik gorentzat jotzen da oraindik ere. Bertan Greziako tragediaren loraldi laburra aztertu eta kristautasunaren baitan, gure oraintsu arteko kultura, tragedia ezinezkotzat jo-tzen du, kristautasunean erreden

tzioa izan baitago, eta mundu tragikoan ez. Noizbait eskura baduzue, saia zaitezte, saioa zirraragarria da-eta.

2008 urtean El Pais-en egindako elkarrizketa baten harira, zera esan zuen euskarari buruz: "IRAren asuntoa bukaerara ailegatu zenean, artikulu bat idatzi nuen non ETArekin berdin gertatuko zela iragarri bainuen, baina ez, ETAk hiltzen jarraitzen du. Ez dakit. Hizkuntza hori oso misteriotsua da, oso ahaltsua. Beharbada jende horretako hainbati kostatu egiten zaie horrenbeste kanpoko mundua onartzea".

Ez dut iruzkinik egingo, Iban Zalduak eginak baititu, bakarrik esango dut hitz horietatik ondoriozta-tzen dela Steinerrek hizkuntza eta lengoaiari eman zion itzelezko garrantzia: hizkuntza eta literatura benetako izate sakratutzat zituen, hainbeste uste baitzuen hitzaren balore galera erabat loturik zegoela Mendebaldeak jasan zuen 1914 eta 1945ko gertakariekin. Hitzaren balorearen galera, ezaguna egiten zaizue? Handietako bat hil zaigu. Goian Bego. George Steiner (1929-2020).