KataluniakO parlamentuan Inés Arrimadas ez den baina Inés Arrimadas bezalakoa den Ciudadanoseko bozeramaileak gaizkile deitu zion Torra presidenteari astelehenean, "delincuente" zehazki, gaztelaniaz hitz egiten ari baitzen. Parlamentuko presidenteak kargu hartu zion hitz hori erabiltzeagatik, alferrik, Inés Arrimadas ez den baina Inés Arrimadasen fotokopia dirudienak hitzarekin tematu zen: "delicuente, delincuente". Segituan Ciudadanoseko kide guztiak zutitu eta txaloka hasi ziren batera eta erritmiko "delicuente, delincuente" ohikatuz manifestazioan edo futbol zelaian egongo balira bezala. Ciudadanos hiltzera doanez, ez zaie beharbada gehiegi axola izango ikuskizun zakar betiko horiekin segitu (ohiturak ohiturak dira) eta parlamentarismoaren historian beste orrialde bat zikintzea; ez ziren konformatu Kataluniako oposizioan dauden beste batzuk bezala, azeriago, "divide et impera" (banandu eta garaitu) politikak duen arrakastarekin edo gero eta handiagoa den korapilo juridikoarekin (ezerosoa izango dena, bai, baina oso eraginkorra Espainiako Erresumaren interesetarako). Esan gabe doa Ciudadanosekoek ez dutela Oriol Junqueras eta beste espetxeratuak ikusi nahi Kataluniako parlamentuan 155. artikuluaren eragina aztertzeko eratu den batzordean, despitez beterik atera dira bileratik.

Esan dut behin baino gehiagotan ez dudala inoiz ulertu batzuen asperdura Kataluniakoa dela eta; aitzitik, egunetik egunera agertzen dira jakinmina pizten duten osagai berriak. Zer gertatuko da Torrarekin? Hauteskundeak? Handiagotuko da independentisten arteko arrakala? Bide batez, hemengo (sic) politikarien jarrera ikustea ere oso hezigarria izan daiteke.

(Ohar garrantzizkoa balizko irakurle despistatuarentzat: urtarrilaren 30ean, ostegunarekin, greba dago, U30. Kartelak-eta ikusi dituzu hortik. Hedabideetan edo kalean zerbait entzun duzu, ziur. Mesedez, egun horretan ez esan: "Ai! Baina greba al dago gaur? Ez nekien ezer. Zertarako?". Ez da hezibide onekoa, jendetasunaren aurka doa eta batzuontzat iraina izatetik oso-oso gertu dago).