GUARDIA zibil bat etorri da. Udalekuko arduradunak gaur arratsaldean kuartelera joan behar omen du". Bernedoko udalekuko begiralea nintzela helarazi ziguten ohartarazpen hori. Ordurako urte batzuk baneramatzan, neu izango nintzen zaharrentsuena, eta neuk joan behar izan nuen, beldur pixka bat ematen zuen baina. Kargu gorenarengana eraman ninduten. "O sea que es usted el responsable de la colonia de los vasquitos", esan zidan. Haurren batek, igerilekurako bidean, harri-koskorren bat jaurti zuen, nonbait, kuarteleko teilatura. "No es nada grave, pero es para pedirle que intenten controlarles". Abegi onez hartu eta agurtu ninduen. Bitxia da, bernedotarrek ere los vasquitos deitzen ziguten orduan. Gaur egun zazpi zinegotzitatik sei euskal alderdi abertzaleetakoak dira. Orain adingabeek baimen berezi bat behar izaten dute espainiar estatutik irteteko. Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak ematen dituztela esan ziguten, eta gertuen ditudanengana joan nintzen, benemeritaren Zarauzko kuartelera. Sarrerako guardiari azalpenak eman ondoren, itxaroteko esan zidan. Hamar bat minutuz egon nintzen ezkara-tzean zain. Bat-batean, konturatu nintzen Imanol Lartzabalen Barne kanta txistukatzen ari nintzela. Susmoa dut guardiak ez zuela ezagutu. Gero Ikusi mendizaleak txistukatzeari ekin nion. Ez zion kantuari segitu. Halako batean sarjentua prest zegoela eta bigarren solairuko bulego batera eraman ninduten. Gizon atsegina zen sarjentua, baina paperak betetzen makal samarra. Aurreko kantuari heldu nion berriz ere. Urratsen bat gehiago aitzineratzea deliberatu eta Itziarren semea jotzera menturatu nintzen. Haren ondoren, Eusko gudariak. "Silba usted bien, ¡eh!", esan zidan. "Gracias", eran-tzun nion. Ondorioztatu nuen ez zegoela hark identifikatzeko moduko euskal melodiarik, eta aldaketa bortitza jotzea erabaki nuen: Rocío Juradoren Como una ola jotzen hasi nintzen. "Mire, esa ya la conozco. Bien bonita que es". Nafarroako guardia bizilak baino askoz lehenago geratu ziren EAEkoak trafikoko eskuduntzarik gabe. Apenas soberan duten denbora gure kulturaz blaitzeko baliatzen duten...