Zirrikituetatik begira

Artisauen egia

06.01.2020 | 06:24

hASI Gabonetan eta Errege egunera arte luzatzen eta harritzen gaitu, ni bederen, urtero, Artisau Azokak. Urte guztian zehar beren tailer edo etxeetan lanean jardun ondoren, urte bukaeran hiriko bazterren batean agertzen zaizkigun irudipena izaten dut sarri askotan. Artisau azokak begizta-tzea gustatzen zait, egia esan, dendatxo edo postu ezberdinak; bakoitzak bere espezialitatean zer eskaintzen duen ikustea. Eta, noizbehinka, erabiltzen duten teknika edo materialeengatik galdetzea otutzen zait. Gogo handiz erantzuten dizute artisauek. Sinisten dutenaz hitz egiten baitizute. Maite dutenaz. Egunero egiten dutenaz, jakinagatik, egiten duten horrekin ez dutela ez dirutzarik eta izarren arrakastarik lortuko. Zerk mugitzen ditu, bada, galdetzen duzu zure baitan, tankera horretako lana egitera? Bizitzaren olatuaren aurka borrokan egitera?

Originaltasuna, benetakotasuna, jasangarritasuna eta kalitatea dira artisau azoketan aurkitzen dugun ororen zigilua. Hitz batez esanda, denok guretzat nahi duguna. Baina hain originalak, hain benetakoak, hain jasangarriak eta hain kalitate onekoak ez diren produktu eta zerbitzuak kontsumituz bizi gara, oro har, urte guztian zehar. Bai eta ideiak ere, edota askatasun adierazpenak: politikoak zein artistikoak. Okerrik ezean, bihar izango du Espainiak presidente berria, birao artean eta mapa politikotik ateratzeaz mehatxatutako euskal politikariei esandako perla originalak bota ostean.

Eta eskertzen duzu nor diren eta nola sentitzen duten azaldu nahiak mugiarazten dituen artisauen eta artista askotarikoen lanak ikustera joatea, badakizulako originalak eta benetakoak direla, ez dutela gezurrik esaten, ez zaituztela zapalduko, mundua ulertu nahian dabiltzala, hori delako zailena, mundua beraien prismatik ulertu nahian, alegia, deus inori inposatu nahi eta beharrik gabe.

Urtero harritzen nau artisau azokak, sinisten duten horretan lan egiten dutelako, begiratu gabe, munduak zer dioen.