Deseroso samar somatu ditut hango eta hemengo iritzi emaileak eguberrien inguruan ari tzean. Normaltasuna eskatzen zutela iruditu zait. Kontsumorako halako deirik gabe, jan-edanerako errezeta gehiegizkorik gabe, Olentzero eta Mari Domingi, Erregeak edota Noel aitaren inguruko eztabaidak alde batera utzita, itxurakeriak beste aldera lagata eta benetakotasuna aldarrikatuz. Eta arrazoia eman behar zaielakoan nago iritzi emaile horiei guztiei, gure inguruan aldatuz doazen gauzei erreparatuta. Urrutiegi joan gabe, asteburu honetako hiru anekdotatxo ekarriko ditut lerrootara: ostiralean, lankideak, beharbada elkar ez genuela gehiago ikusiko esanez agurtu zitzaizkidan (loteria egokituz gero lan egiteari utziko diotela esanez, gure arteko harremanak gutxiesten dituztela konturatu gabe); larunbatean, goizean Santo Tomas eguna izan arren, gazte tropa handi bat ikusi nuen Donostiako boulevarreko McDonalds-ean ustezko hanburgesa jaten; arratsaldean, aireportuan izan nintzen, erbestetik zetorren alabaren zain eta justu alabaren aurretik, gizon bat agertu zen hiru maleta handirekin. Bere bila etorri ziren familia-kideak ikusi zituenean, maletak lurrean utzi eta belauniko jarri zen besoak zabalik. Seme-alaba txikiren bat imajinatu nuen beso haien artean lekutzen? eta ez, Yorkshire Terrier bat igo zitzaion paparrera jostari eta txakurra mila aldiz musukatu zuen? ondoren bikotekidea. Igandean, okindegira jaitsi nintzenean, sekulako ilarak harrapatu ninduen. Ogia erosteko hainbesteko ilara? Ez, bada. Errege opilaren bila gerturatutako bezeroak zirela konturatu nintzen? Errege opila abenduaren 22an?

Gauza oro berezi nahi dugu. Berdin da noiz. Berdin da nola. Guretzat berezia bada, kitto. Esklusibotasuna eta gauzak bere lekutik edo onetik ateratzea gauza bi guztiz ezberdinak dira, ordea. Baina hor dihardugu. Egutegiak, ohiturak? dena hankaz gora jartzen. Ez dakigun zerbait berriren bila.

Gaur lasaitu nau, hala ere, lankide guztiak beren lekuetan ikusteak.