ONDOEN landutako kanpainek ere izaten dituzte zulo beltzak. Makinaria handia behar du urtebetetxo batean ezerezetik Greta Thumbergen gisako ikono bat sortzeko. Haren irudiaren eta kanpainaren babesleek lorrintzen dituzte bestela tatxarik gabeak zatezkeen xede eta borroka-moduak. Halere, oso bortitzak gertatzen zaizkit nerabe hauskor horren aurkako zenbait kritika gupidagabe: negarra antzezpen, haserrea jarrera? Sobera dramatizatzen du, antza, ez da sinesgarri. Aparteko dramatizaziorik behar al du, bada, munduaren egoerak? Ez al da, bada, aski dramatiko? Ez al ditu, bada, berez eragiten Gretaren azal finean islaturik ikusi ditugun sentipenak? Suediar gaztetxoaren kontraesanen jakinean nago, baina beste inork ez bezala ernarazi gaitu, eta horren premia larrian geunden.

Klima aldaketari buruzko goi-bilerak ez dira oso itxaropentsuak izaten. Botere-talka alimaleak, interes ekonomikoak beste zernahiren gainetik jartzen dituzten agintarien irri xuriak, eta konpromiso irmo gutxi. Benetan eraginkorrak liratekeen neurriek ekonomikoki indar berezia egitea eskatzen dute. Zenbait hamarkada barru gizateriak larrutik ordainduko du gure aurreko belaunaldiek egin zutena, eta orain gu geu egiten ari garena. Munduan botererik handiena duen pertsonari urtebete geratzen zaio agintean, bost gehienez, eta hogei urte barru munduko hilobirik garestienetako batean egongo da hilotz. Egolatra berekoi horri zer axola dio mende bat barru mundua orain dena baino leku makurragoa izatea? Zergatik kezkatu behar du itsas-mailaren igoeraz nonahi nolanahiko jauregi edo gazteluak eraiki ditzakeenak?

Klima aldaketaren hil edo biziko auziari ez litzaioke mundualdia aurreratuxe dugunon ikuspegitik begiratu behar, Gretaren oihar-tzunik izan ez arren hura bezain larriturik dauden haur eta nerabeenetik baizik.