Zirrikituetatik begira

“No em crec res”

09.02.2020 | 17:05
Columnista Rikardo Arregi

NO em crec res". Ez dut ezer sinesten. Uste dut hori izan zela katalanez ikasi nuen lehen esaldia, edo lehenetarikoa behintzat, aspaldian. Gustatzen zitzaidan erakusten zituen indarra eta eszpetizismoa, agian katalanak duen monosilabikotasun horrek bultzaturik eta liluraturik, euskararen polisilabikotasunaren ondoan hain deigarria; edo agian esaldi eszpetikoak ametsetan eramaten ninduelako euskarak ere oso monosilabikoa (hikuntzalarien kontuak) omen zen garai mitikoetera, auskalo. Kontua da "No em crec res" ikasi nuenetik, ateratzen zaidala automatikoki, baita nire buruarekin hitz egiten dudanean ere, eszpetizismoa nagusitzen den edo nagusitu behar den guztietan.

Beraz, Kataluniatik iritsi zaizkigun azken albisteen aurrean, "No em crec res" ozen bat bota nien telebistari, irratiari eta egunkariari, hau da, "No em crec res" handi bat bota nion Guardia Zibilari, azken finean hedabideek guardiek esandakoa baino ez baitzuten errepikatu, ezertxo ere zalantzan jarri gabe. Geroago, hedabide asko epaileen auto zatiak puzzle moduan erabiliz albisteak eraikitzen hasi zirenean, "No em crec res" lehor bat bota nuen, badakidalako nolako fikzioak sortzeko gai diren epaile, fiskal eta enparauak (badirudi idazleek epaitegien eskuetan utzi dutela fikzioa idaztearen lana).

Oker egon naiteke: beharbada urtebete barru zutabe honetan oraintxe bertan idatzi dudan guztiaz damutzea egokituko zait, beharbada urtebete barru demostratuko dute olioa errepideetan botatzea benetako terrorismoa dela, edo Torraren koinata bat Puigdemonten lehengusu batekin bildu zela gauza maltzurrak eta terroristak egiteko. Ez dut uste. Uste dudana da Espainiako Erresumak indarkeria eta terrorismoa nola edo hala atera behar duela espetxean dauden polikariak hobeto eta gogorrago zigortzeko, eta Belgikari erakusteko hor dituen katalan horiek ez direla pertsona bakezaleak eta estradizioa ezinbestekoa dela, eta 155. artikulua ez diren baina 155. artikuluak bezalakoak diren neurriak hartzeko, eta... etorriko dena.

Ez dut ezer sinesten. "No em crec res".