aLVAREZ de Toledo andreak epeltzat jo ditu Euskadiko PP-tarrak, epelak nazionalismoari ematen dioten tratuan. Dena ere Madrileko besaulki edota tronutik behera begiratuz, hemengo buruzagiak berehala erantzun dionez. Semperrek laster bota du han (Madrilen) lasai bizi izan direla, “hemen konstituzioaren defentsan bizia joka-tzen izan dugun bitartean”. Ez dira hala-moduzko salaketak, latzak dira. Hainbeste, zeren, asmorik ez zuen buruzagia, Casado jauna, berehala abiatu dela Gasteizera alderdiaren kongresura ez ezik, piztutako sua itzaltzera. Alvarez gaizki espresatu omen da eta zein izan zen irrati kateak ere baduela zerikusirik. Beste, ia hilotz den, buruak hartu dio hitza nagusiari. Alonso pozik dago egin dituzten bileren ondorioz eta nazionalismoen hertsitasunetik mundu zabalera abiatzeko beharrez jardun zen. Esan gabe doa irekitasun hori EAEko PP-ren bidetik doala. Hala bedi!

Gorrotoa ematen du hedabide ba-tzuek Gasteizko bilera horiei eman dieten garrantzi eta lehentasuna ordu beretsuetan Bilboko kaleetan aldarrika ibili zen jende andanari baino gehiago. Burua matematiketan ontzat dudan arren, holako zenbaki eta kopuruetan nahastu egiten naiz baina uste dut 11/13 prozesuaren kontra Bizkaiko hiriburuan kaleratu zirenak, PP-ren boz eta alderdikide denak baino hainbat gehiago direla eta, berresanez, hedabide gehienek ez dute horrela sailkatu. Benetako auzo-lotsa sentitzen dut 47 akusatuei 600 urtetik gorako zigorrak eskatu izana. Zenbakiak, kopuruak horiek ere, zirrikitu honetan, duela sei egun, Arregi jaunak ondo zehatz azaldu zuen arren, zenbaki horietatik harago izenak, gizakiak daudela. Gure gizartearen alor anitzetan eragileak diren pertsonak gainera. Ulergarria da bizilagun askorentzat hainbeste manifa eta aldarrikapen nekagarri egiten dela baina hainbat kantsagarriagoa da botere publiko horien itxitasuna, mantsokeria, alferkeria eta burugogor ekina eta jarraia. Auzo-lotsa esan dut eta berresten dut, neu ere aspergarria izan arte, 11/13 hori ez dela inoiz bururatu behar eta Altsasuko mutilek kanpoan behar dutela, Ja!