SINTOMEK gaixotasuna erakusten dutenez, Hondarribiko Alardearen azkeneko urteetako gatazkaren sumina areagotzeak Euskal Paradisuaren gaixotasun bat, gutxienez, erakusten du. Paradisuak arrakalak dituelako seinale, nonbait. Arantxa Urretabizkaiak, darion xalotasunarekin, ederki kontatzen du Bidean Ikasia (1993-2016) liburuan, hasierako ia ekintza klandestinotik herria bitan banandu arteko prozesu guztia. Liburuaren aurkezpenean “Desadostasun baten aurrean, gure jokaera nagusia da iritzi desberdina duena etsai bilakatzea. Adostasunaren bertuteak ikasi ditut, desadostasunei esker” jeltzale kutsuko leloa bota bazuen ere, hogei urte ondoren arazoa konpondu gabe izateak erakusten du orain arte feminismoari egin zaion kasu gutxia. Zorionez, esan beharko dugu, ez Hondarribian ez Irunen, Alarde Tradizionala eta Alarde Ofizialaren arteko banaketa ez dator bat partidu politikoen banaketarekin, berriz ere, zaborraren kasuan bezala, nazioaz arituko baikinen oraingoan ere hala gertatu balitz. Argudiatzen dena tradizioa da. Tradizioa esaten denean, garai mitikoei egiten zaie erreferentzia, urte eta mendeen zenbaki arrunt eta zehatzei halako lausotasun bat erantsirik; eutsi, ordea, oso tradizio gutxik eusten diote izaera mitikoari arakatzen paratuz gero. The invetion of tradition Eric Howbanek apailaturiko liburukian betiko eta betirako uste diren tradizioen “faltsukeriaz” jabetzen da irakurlea: koadro eskoziarren telak XIX. mendeko asmakizuna dira, Galeseko betiko uste diren hainbat tradizio erromantizismo garaian abertzaleek sortutakoak edo Britainia Handiko koroaren gortean egindako hainbat ospakizun, ustez Erdi Aroko, Victoria erreginaren garaian sortuak, hori bai, boterearen handitasuna aldarrikatzeko.

Alardearen historia labur batek erakusten du 1639an hasitako ospakizunak izan duen etengabeko bilakaera; prozesio huts zen hasieran eta XIX-XX. mendeetan zehar joan da bilakatzen Alarde Tradizionalekoek benetakotzat jotzen duten hori.

Tradizioa, normaltasuna, herria, natura hitz zakuak dira eta normalean ideologia hegemonikoa ezkutatzen dute neutraltasun itxuraren pean. Jenny Pearce nazioarteko gatazka bitartekaria ekarri dute aurten arazoa konpontzen saiatzeko. Joder, paradisu baskoarekin!