AIREPORTUKO eskailera automatikoetan gorantz goaz, bera aurrean, ni atzean. Lekua utzi dugu ezkerraldean, inork aurreratu nahi bagaitu. Gure inguruan dagoen jende guztiak, baina, ez du gauza bera egiten. Aurrean dugun bikote bat, adibidez, bata bestearen parean doaz, maletekin bidea itxiz, atzetik presaz datorrenari igarotzeko lekurik utzi gabe.

Nirekin datorren laguna atzerritarra da, eta oso deigarria egin zaio jarrera hori. Deigarria bakarrik ez, onartezina iruditu zaio, eta bere herrian halakorik eginez gero, jendea asko haserretuko litzatekela esan dit. Hori besteengan ez pentsatzea dela dio, eta arrazoia du, aurrean dugun bikoteak ez du segundo bakar batean ere pentsatu inguruko bidaiariak agian presaz doazela eta bidea libre uztea edukazio kontu bat dela. Elkarbizitza, azken finean, horretan da-tza. Mundu honetan bakarrik bizi ez zarela kontuan hartzean, lehenik eta behin. Baina, hala ere, egunero ikusten dugu munduan bakarrik balego bezala bizi den jendea: hondartzan musika topean jartzen duen hori, zigarroaren kea aurpegira botatzen dizun beste hura, trenean edo autobusean doala telefonoz ozen eta luze ari dena, aparkatzeko lekua izan arren autoa bigarren lerroan uzten duena? Eguneroko detaile txikiak dira, baina sakoneko jarrera bat erakusten dute, eta beste egoera larriago batzuentzako hazia dira. Autoan goaz, laguna eta biok, gure herriko bide bihurgunetsu horietako batetik. Poliki goaz, auto ilara sortarazi baitu gure aurrean doan kamioi batek. Irratiko informatiboan: Open Arms, Bilbon gertaturiko neskaren bortxaketa? Entzuten dugun albiste bakoi-tzean, gizartean gero eta zabalduago dagoen enpatia falta izugarria antzeman daitekeela pentsatu dut, eta, bide batez, aurretik doan kamioia madarikatzen hasi naiz. Orduan, kamioia baserri baten aurreko zabaldegira sartu da eta han gelditu da atzetik zituen auto guztiak pasatu garen arte, gero berriz ere aurrera egiteko. Denek eman dizkiogu eskerrak keinuren batekin, argiekin, eskuarekin? Oraindik itxaropen izpi bat gera-tzen dela pentsatuta, lagun atzerritarrari gure herriko bazterrak erakusten jarraitu dut ondoren.