merke erabiltzen dira hitzak. Merkeegi. Herri bateko futbol zelaiaren izena, usuenik, leku izen batekin lotzen dugu. Edota gertakizun edo eginkizun zehatz bat izan duen pertsona izenari? hala izan da orain arte Errealaren kasuan, eta baita beste kasu gehientsuenetan ere. Orain, ordea, Reale Seguros Stadium izena jarri behar omen diote Donostiako futbol zelai berriari. Name Sponsor-a omen. Kirol ekipamenduan ere Reale marka eramango omen dute jokalariek. Eta izena ez ezik, Reale Seguros Aretoa ere jarriko dute estadioan. Harrotasunez jakinarazi du Erreleko zuzendaritzak, Reale Seguros izango dela futbol estadio baten naming eskubideak lor-tzen dituen lehenengo aseguru etxea Espainian. Afizioarentzako eta errealzale ohikoentzat zerbait esanguratsua balitz bezala.

Errealeko zuzendaritzak egin duen jakinarazpenak ez dio ezer Errealari buruz. Jakinarazpenean dena zen Reale Seguros-i buruzko laudorioak eta hitzarmenaren sekulakotasunari buruzko aipamenak.

Ez naiz markaren hizkuntzaz arituko. Errealaren eta Reale Segurosen arteko hitzarmenak bezala, izenak ere, kutsu bat dakar eta ku-tsua zera baita: neutroak izatea (izenari dagokionean) eta dirua eskaintzen duenaren apetak bete-tzea (enpresa sendoa omen da Reale Seguros, “konfiantzazkoa” Realak nabarmendu duenez) direla gure izanaren oinarriak. Ahotsik igotzen ez duen jendaila eta jarritako kirol helburuak erdiesteko ustez behar den babes ekonomikoaren aurrean men egiten dakitenak? Ez dira horiek gehientsuenoi erakutsi dizkiguten balioak.

Norbaitek esaten zidan, futbol talde baten egiteko nagusiak lau direla: pasioa erakutsi, koloreak maitarazi, apertenentzia sentimendua bizkortu eta emaitza onak lortu. Eta emaitza onak lortzeko, munduko edozein enpresak, bere neurriak hartzeko askatasuna eta egin beharra duela.

Koloreak, sentimenduak eta apertenentzia balantzaren alderdi batean daudenean, ordea, uste dut balantzaren beste aldean jar-tzen denak ere balio horiekin bat joan behar duela. Bestela, kirolak kirola izateari uzten baitio eta herriko futbol taldeak ere herrikoa izateari.