HEMEN doa berria erositako prezioan: ekainaren 20an, Indonesiak itzuli egin zituen Australiatik jasotako zortzi hondakin kontainer. Teorian, Indonesiako lantegietan birziklatu beharreko papera zetorren haietan, baina, Asiako herrialdeko agintarien arabera, paperarekin nahastuta beste hainbat gauza zetozen: zabor elektronikoak, erabilitako potoak, plastikozko botilak, motorrentzako olio botila zaharrak, erabilitako pixoihalak, zapatak? (Berria. 2019ko abuztuaren 2a). Antzeko egin dute azken boladan Malasian eta berdintsu egin zuen Txinak, 2018ko urtarrilean zabor plastikoa inportatzea debekatu baitzuen. AEBk eta Europako herrialdeek arazo ugari izaten hasi dira ez dakitelako zer egin plastikozko on-tziekin, izan ere, zuetako nork ezagutzen du plastikoa birtziklatu eta, berriz ere, plastiko erabilgarri bihurtzen duen lantegirik. Neuk behintzat ez. Beraz, ondorioztatu beharko dugu kontainerretan sartu eta Asiara eramaten dituztela, besteak beste, gure erabilera gehiezgizkoaz ohart ez gaitezen. Baina Asiako nazio horiek kitto esan dute. Zaborra, horrela, gai politiko bihurtu da, gure bizimodu gehiegizkoa salatzen duen hondakina, izan ere, tetrabrikean erositako esneak, demagun, kate ekonomiko-ekologiko menderatzailea paratzen baitu martxan. Aurten uztailaren 29rako xahutu ditugu Lurrak urte betean ekoizten dituen errekurtsoak, inoiz baino lehenago. Data horretatik, beraz, zorretan gaude. Ekologismoari Feminismoari gertaturikoa gertatzea litzateke esperantza, alegia, urtetan hondoan ereiten aritu ondoren, indarrez azaleratu eta jarrerak aldatzeko baldintzak sortzen ahalbidetzea; zerbeza marka baten iragarkiak plastikoaren erabileraz kontzientziatzeko edo Fridays For Future mugimenduak hondoa haziz ereiten ari dela erakusten dute. Kontua da denborarik baden norbanakoaren kontzientzia eraldatzeko eta kapitalismoaren martxa goseak onartuko duen. Gutako nork irudikatzen ditu esne tetrabrik ederki tolestua ontzi horian sartu eta egiten duen bidean ezartzen diren mendekotasun ekonomiko eta ekologikoak? Neuk ez. Asian ez bada Afrikan birtziklatuko dute, pentsatzen dut.