EZ dut oraintxe bertan gogoan nor izan zen “Maroto, qué alboroto” esan edo idatzi zuen lehendabizikoa; uste dut esapidea idatziz etorri zela mundura eta egunkari gasteiztar bakarreko zutabegileren batek izan zuela aurkikuntza Maroto jaunak hiriko alkatetza lortu zuenean, ez nago seguru. Harez geroztik hamaika aldiz erabili dugu Maroto-qué-alboroto-rena, hamaikak izan baitira Marotoren marotokeriak. Alkatetza galdu eta hiria utzi ondoren pentsatu nuen (baikorra ni) bakea izango genuela, baina hor ibili zen, “galtzaileen ituna” zela eta ez zela, Madrilen postu berri batean, lehen bakarrik gasteiztarron belarriak eztitzeko, edo ozpintzeko, esaten zituenak unibertso osorako, Espainiarako alegia, errepikatzen. Ezaguna da ez zuela eserlekurik lortu Araban azken hauteskundeetan eta partidu barruko zereginetan eman du denbora, LGTB jendea maite dutenekin “galtzaileen itunak” bideratzen, baina, antza, betebehar horiek ez dira behar bezain loriazkoak Marotoren gogorako eta goi mailako postu egokiaren bila egon dira.

Postua aurkitu diote. Senatuan. Gaztela eta Leon ordezkatzeko. Maroto, hau bai dela alboroto.

Gasteizen erroldatzen zirenen aurka direnak eta ez direnak esan zituena, gezurretan aritu zena (hemen erroldatzen dira gure diru laguntza publikoak jasotzeko, guri lapurtzeko), Segovian erroldatu egin da senaturako izenda zezaten (senatari bati dagokion soldatarekin). Ez dakit Segovian kanpainaren bat dagoen diru publikoak jasotzearren bertara doazen euskal herritarren kontra. Ez, ziur aski, eskuineko jaunek ez dute hori egiten, demokraziaren arauak errespetatzen dituzte eta kitto.

Ai, patua, zoria, halabeharra, zein ankerra den, zein krudela. Ez, Marotorenak ez du kantu epiko baterako ematen, ezta opera baterako ere. Maroto lotsaturik al dabil? Bai zera. Harro agertu da pasa den asteburuan Gasteizen, burutente, sudurgora, partiduko ekitaldi batean, beharbada erakusteko bera dela kosmopolitena: Gasteiz, Segovia, berdin dio, Bagdadeko kalifa ere izan zitekeen prezio berean. Gasteiztik ikusiko dudan hurrengoan bridatu beharko dut nire mihia Viva Segovia ez oihukatzeko.