Aurreko astean, Eusko Ikaskuntzak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria eman zuen Chillida-Lekun, arte lanez eta naturaz gainezkatutako ingurune ezin ederragoan. Sari emate ekitaldia hain arranditsua izateak bazuen bere arrazoi historiko bikoitza; batetik, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariak 25 urte bete dituelako. 25 urte egin ditu Eusko Ikaskuntzak euskal kultura, arte eta gizarte zientzietan ibilbide apartekoa egin duten gizon eta emakumeak, urtero, sarituz. Aurtengoa, erruz irabazitako merezimendua, Juan Ignacio Perez Iglesias jaunari egokitu zaio. Eta bigarren arrazoia, Eusko Ikaskuntzak Gazte Saria abian jarri izana da. Aipatu alorretan gazteen sormena sustatzeko etorkizunari begira sortutako gonbita irekia. Eusko Ikaskuntzak argi dauka bere egitekoa: Plan Estrategikoa oinarri, 100. mendeurrenean irudikatutako lan-lerroak garatzea. Eta lanerako bidaiariak, etorkizunaren berme izango direnak, erakundearen segida elkarekin egiten segituko dutenak: besteak beste, gazteak. Gazte Saria Aizpea de Atxak irabazi zuen, zeina, esker oneko agertu zen, ez bakarrik epaimahaiak bere lana hobesteagatik, baizik eta gazteei aukera eman izanagatik eta gazteengan konfiantza agertzeagatik. Erraz esatekoak diren hitzak direla pentsa lezake batek Aizpearenak. Hausnar pixka bat eginez, ordea, sakonera handikoak dira hitzok, Eusko Ikaskuntzak ulertzen, entzuten eta lekutzen jakin dituenak. Mertxe Mugikak eta Elena Lakak, AEK-ko idazkari nagusiak eta Topaguneako presidenteek, hurrenez hurren, euren karguak uzten dituztela jakinarazteko Berriari eskainitako elkarrizketan ere belaunaldi berriek euskalgintzaren inguruan egin beharreko lanaz jardun dute. Gazteen konpromisoa eta militantzia, lanerako modua eta adieraztekoa, euskalgintzan jarduteko manerak eta egiten duten lana gizarteratzeko erak bestelakoak omen. Orain arteko egiturak zurrunak bazaizkie, bestelako zubi batzuk eraikitzea tenore. Eusko Ikaskuntzak eman du lehenbiziko pausoa: egungo sormenari eta izanari segida eta aupada emateko Gaztea Saria jarri du abian.