EGUN berezia izaten zen, eta gaua are bereziagoa. Asteetan ibiltzen ginen auzoko neska-mutilok egun horretako sute handian erre beharreko materialaren bila. Inguruko mendietara ere joaten ginen, eroritako zuhaitz zaharrak auzoraino ekar-tzeko, neke handiak harturik. Arrandegian egurrezko kaxa usain txarreko haiek eskuratzen genituen, dozenaka; fruta kutxak etxe azpiko denda txikiko jabeek emanikoak ere, eta etxez etxe joaten ginen eskean, paper eta egunkari zaharren bila, bai eta inoiz irakur-tzen ez diren liburu mardul haien bila ere (baten bat sugarretatik salbatzen nuen, gero etxean irakur-tzeko).

Hori guztia metatu, geruzaz geruza jarri, eta San Joaneko gau mitikoaren zain gelditzen ginen, guardia txandak eginez, alboko auzuneetako arerioek gure egurrak lapur ez ziezazkiguten. Hantxe biltzen ginen guztiok, geurea baitzen sutegia.

San Joan gaua heldu eta eztabaidak hasten ziren: zein ordutan piztu, nork piztuko zuen, eta zenbat denbora iraungo zuen sutzarrak. Gau itzela izaten zen. Periferiako suteak ikustatzera joaten ginen, “bai zera, gurea handiago da?, zein gaizki metatu duten, ezta?”, eta horrelakoak baieztatu ahal izateko, harroaren harroaz. Eta erregaiari sua eman ostean, hantxe gelditzen ginen, mutu, suaren dantza hipnotikoari so, harik eta dena errauts bilakatzen zen arte. Orduan txorizo puskak, edota patatak erretzen genituen afari gisan.

Gau hartan, etxera joateko baimena luzatzen zen, eta ordu txikietan bueltatzen ginen etxera, ke sunda arropa guztietatik kendu ezinik, pozarren.

Gaur egun, ez du inork geure erreleboa hartu. Ez da auzunean inolako suterik pizten. Halarik ere, tradizioak gaurkotzeko eta berritzeko ahalegina egiten da, eta hiriko parke handi batean sute handia isiotu egiten da, eta dantzak eta kantak izaten dira. Su artifizialak ere ikus daitezke, eta erromeriaren antzeko zerbait eratzen da. San Joan festak gure auzoetan eta herrietan mantendu egiten dira, eta udaberriari agur esan eta uda ailegatu dela ospatzen dugu. Suaren bidez, iraganean agitu diren gaitz guztiak, su-pindarretan erretzen dira.

Oroimenak, haatik, suaren kontrakoak dira.