GoizERO pasatzen naiz Gasteizko Florida parkearen albotik. Eta beti begiratzen dut une batez leku berdinera. Kioskoaren enparantzatik gertu badaude halako iturri ba-tzuk, urmael txiki batzuen inguruan, parkeko zuhaitz erraldoien gerizpean. Ba egun eguzkitsuetan, halako iturri baten alboan halako mirari bat gertatzen da goizean goiz. Eguzki izpiak zuhaitz tartetik sartzen dira eta antzoki bateko argi foku baten antzera espazio hori argiztatzen dute. Hori bakarrik, ingurua gerizpean dagoela. Eta oleoz margotutako eszena ematen du. Berde-txuri, argi-itzal nahasketa hori. Zoragarria da ikustea nola pizten den lau metroi karratu baino gehiago izango ez dituen espazioa. Itxaropen hodi argitsu bat ematen du. Hau ikusteko bakarrik merezi du bizitzea, pentsatu dut inoiz.

Ekaina dator. Argiaren hilabetea, kaleko bizitzarena, hego haizearena, neguko arropak gainetik ken-tzeko garaia, gorputzaren esna-tzearen garaia, arnasa sakon har-tzekoa. Eta batzuentzat garai zoragarriena dena, beste askorentzat, aldiz, garai madarikatua da. Askorentzat euren bakardadea inoiz baino argiago ikusteko garaia da; askorentzat euren gorputzak ezkutatzeko arazo gehien duten garaia da; askorentzat sufritzeko garaia da argiarena, eguzkiarena, udaberri edo udarena. Depresio garaia ere bada ekainekoa. Gaizki dagoenarentzat, bere ondoeza argien ikusten den garaia.

Ba egun eguzkitsuetan, Florida parkean goizean goiz sortzen den mirari hori ikustean, burura etorri zaizkit inoiz euren bizitzei zentzua aurkitzen ez dioten garaia igaro-tzen ari diren pertsonak edota euren buruei bizitzen jarraitzeak merezi duen galdetzen ari direnak. Eta pentsatzen dut gogoz esango niekela bakarrik mirari hori ikusteko merezi duela bizitzea. Argia hosto berdeen artetik igarotzen, eguzki izpiak airea pintzel txuri batekin margotzen, bizitza argiztatzen, bizitza itxaropenez bete-tzen, espazio arrunt bat espazio sakratu bihurtuta bat batean. Argi izpi horiek ikustean, irudi eder bat baino zerbait gehiago ikusten dut. Edertasunaren benetako zentzua ikusten dut, bizi irauteko ezinbestean behar dugun edertasunaren zentzua.