GUZTIOK ikusi duzue argazkia. Muturreko leku bat eta sekulako jendetza. Eta ez naiz Gaztelugatxen eratzen diren jende-ilara eternoez ari. Azken egunotan Everesteko gailurretik hurbil ateratako argazkiaz ari naiz. Bertan, elurrezko ertz batean, elkarri bizkarra emanda jende elemenia agertzen zen; koloretako buzoak jantzita, hurrengo urrats noiz emango zain, orduak eta orduak geldi.

Jende masa globalizatu horren barruan hildakoak ere gertatu ziren. Ordu asko itxaron behar izan zituzten batzuek, apenas prestaketarik ez zutenek, apenas indarrik ez zutenek, nora joan ziren eta zer-nolako arriskuak pasatu beharko zituzten ez zekitenek.

Baina nola gerta daiteke hori, ia bizitarik onartzen ez duen eremu altu horretan? Nola meta daiteke horrenbeste jende inozo alturak hiltzen duen espazio ñimiñoan?

Kontu asko uztartzen dira batera. Lehenengo eta behin amets pertsonalak daude; zure mugak gaindi-tzeko behar kontrolagaitza; alturako magiarekiko ilusioa betetzeko kemen itogarria. Horrelakoak, alpinistek eta mendizale zailek senti-tzen dituzte. Bai eta hain mendizaleak ez direnek ere. AEBtan adibidez, oso ondo gelditzen da zure curriculumean, Everest summiter idatzita agertzea. Horrek balio erantzia ematen dio zure pertsonalitateari. Hori dela eta, inolako mendi-prestakuntzarik gabe, pertsona batzuk eremu hotz eta muturreko haietara abiatzen dira loriaren bila, heroi bilakatzeko asmoz. Eta kosta lain kosta, (diru kantitate lotsagarriak ordainduta) batzuek lortu egiten dute, penalitate dezente, eta arrisku biziak pairatu ostean.

Eta gero arrazoi ekonomikoak daude. Nepaleko Turismo Ministerioak bertako mendiak igotzeko baimen garestiak saltzen ditu. Gobernua ez da guztiz garbia, eta korrupzioaren usaina badario. Eta bertako agen-tziek esaldi oso motibagarriekin, alturako turistei amua jartzen diete gozagarri, “zure lehenengo 8000 igo nahi baduzu etorri gurekin. Ez zaitez kezkatu, guk jarriko ditugu baliabide guztiak zure ametsa lor-tzeko”.

Diru meta, nahi beste oxigeno eta sherpak dira baliabide modernoak. Horiekin ez dago aurre egingo duen 8000 metroko mendi gaiztorik.