MIN ematen dit zure bizarrak! esan dio ilobak, berarengandik urrunduz, masailean muxu bat eman nahi izan dionean.

Bizarra moztu ondorengo egunean beti izaten du aurpegia lixa bezain latza. Berak barre egin du, eta esan dio, baietz, noski, bera bezalako piratek itsas trikuek bezalako bizar gogorra izaten dutela (jo, jo, jo). Baina, barre egin badu ere, sakonean, penaz geratu da ilobari muxu bat eman ezinagatik, eta onartu nahi ez badu ere, mina eman dio ilobaren errefusak.

Hala ere, eskua kokotsetik pasatu ondoren normala iruditu zaio ilobak muxurik eman nahi ez izatea. Itsas kabra bati muxu ematea bezala litzateke. Eta pentsatu du bere ilobak bakarrik ez, beste pertsona askok ere horrela ikusiko dutela: muxuak emateko balio ez duen gizon bat bezala, bere masaila beste baten masailarekin laztantzeko balio ez duen gizon bat bezala. Bizar gogor horrekin inork ez du irudikatuko gizon xamur, leun, edo askotan sentitu den bezala, gizon ahul eta hauskor bat bezala.

Ez dakite bizar gogor horren azpian azal leun eta sentikor bat ezkutatzen dela, bizarra mozten duen bakoitzean sufritzen duen azal bat, askotan zauritzen dena; bizar-xafla pasatzen duenean kexaka hasten den azal bat, laztan eta maitasun gose dena.

Ilobak min ematen diola esan dio eta berarengandik urrundu da. Ez da kontu berria. Bizitzan maite izan dituen emakume asko ere berarengandik urrundu dira, ez bizar gogorra duelako, baina bai ez delako gai izan haiei erakusteko bere azal bigun eta leuna, bere alde hauskorra, bere bihotz biluzia.

Beti sentitu du mundu guztiaren aurrean gogor agertzearen beharra, indartsu, ausart? Txikitatik erakutsi diote hala dagokiola. Bera bezalako piratek bizar gogorra dutelako (jo, jo, jo) eta txistuarekin batera egunero irentsi behar dituztelako itsas-trikuak, saburdinak, itsas kabrak.

Halakoak jango balitu bezala sentitzen du min saman erakutsi ezin duten samurtasuna irentsi behar izaten duenean.