GURE etxean zazpi urte daramatzagu zor bat ezin kobratuz. Teilatupekoen bilera egiten dugun aldiro plazara-tzen da zorrarena. Komunitate gastutan 13 mila euro zor dizkigu Silver Hansen delako enpresa batek bi lonjengatik. Silver Hansen enpresa desegina badago ere, jabeek beste enpresa baten izenean Eroskiri alokatzen dizkiote lonjak. Eroskik pagatu egiten die, noski, baina guk ezin dugu gure zorra diru horretatik kobratu alokatzailea beste enpresa bat delako. Milaka izan dira horrela jokatu duten enpresariak, enpresak itxi atzean zorrak utzita. Gaizki egina, baina gertatu gertatzen da.

Ideologia da besteengan nabaritu baina norberarengan atzeman ezin den hori. Ideologia bat izan zen Dena ETA da, zeinak balio izan bai-tzuen kidetasun ideologikoa izate hutsagatik jendea gartzelara eraman, bi egunkari itxi eta kultura oso bat susmopean jartzeko.

Orain arte zuzenbide penalari zegokion, baina Eginek ogasunarekin zituen zorrak Garari egoztean Dena da ETA zuzenbide merkantileko lelo bihurtu da. Askatasun demokratikoen buruzagiak sinatu zuen sententzia, badakizue. Eginek bazekarren zorra itxi aurretik, 1993.ean utzi baitzion Seguritate Soziala ordaintzeari, baina ez zaio gertatu nire teilatupeko enpresari bezala epaileak Gara egin baitu kidetasunaren premu eta, hortaz, zorraren erantzule. Zor hori kita zitekeen errotatibarekin baina urte hauetan guztietan alferrikaldu da materialea, eta orain Garak pagatu behar du metatzen eta metatzen joan den zorra. Noiz eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak egunkarien itxiera ilegala deklaratu ondoren.

Konbenziturik nago Espainiako Erresuman kazetariek, lanbide kidetasunak bultzaturik, ez dutela kidetasun ideologikoaren izenean egindakoa salatuko. Juan Cruz, Almudena Grandes, Enric Gonzalez, Ferreras eta abarrek ez dute txintxik aterako, azken finean, ETAren inguruko gauzek zuzenbideaz harantzago baitaude, ETAk armak erabili zituelako (oker galanta). ETAren ingurukoak bakarrik? Demokrazia, Trantsizioa eta espainiar nazionalismoak sortu duen ore horrek ez du disidentziarik onartzen. Aber zenbatek egiten duten protesta hastear dagoen politiko katalanen auziaren aurrean. Izan ere, Dena ETA da ETA ez denean ere.