Eguneroko kontuei lehentasuna ematen diegula, gehiegitxotan, ez dakigu nondik gatozen edo, bestela, ez dugu belaunez belaun transmititzeko ahaleginik egiten. Seguruenik, ekinean oinarritu den gure eta gure aurreko belaunaldien gabezia izango da. Gaurko belaunaldiei gure iraganaz galdetuko bagenie, emakumeek berdintasunaren eta emantzipazio bidean egin behar izan dituztenez, neke handiz lortu dituztenez, zein li-tzateke erantzuna, zein emai-tza? Nago jendeak ez lukeela eran-tzuten jakingo, bizi duten testuingurua ez baita sasoi batekoa eta dituzten eskubideak izateko ez dutelako aparteko ahaleginik egin behar izan. Beste horrenbeste gertatzen da politika, kultura edota hizkun-tza kontuez ari garenean.

Egun, bi kontu ikusten ditut faltan. Batetik, gure herriaren iraganaren ezagutza sakona, bere argi-ilun guztiekin, idealizatu gabea. Bestetik, eginkizun daukagun kontua da, gero eta gehiago geure zilborrari begira bizi garen mundu global honetan, gizarte gisa, bihar-etzirako dauzkagun helburu, asmo eta erronka erkideak zedarritzea eta adostea. Inguruabar horretan, nekez egingo dugu aurrera, nora joan nahi dugun zehazteko eta adosteko gai ez bagara. Iraganari begiratzea baino ez da behar ohartarazteko belaunaldi bakoitzak jakin duela aldi berrirako helburuak definitzen, gizartea berdinago egiteari, autogobernuan sakontzeari, hizkuntza eta kultura indarberritzeari begira... Orain, berriz, munduari begira gauden honetan, ez dakit guretik munduari zein ekarri egin nahi diogun ba ote dakigun!

Duela ehun urte, askoz lehenago sortutako abertzaletasunaren mugimenduari ahotsa eman, engaiamendua erakutsi, ekina bideratu eta proposamenak egiteko helburuz, Emakume Abertzale Batza sortu zen. Honenbestez, hutsune mingarri bati amaiera emateko lehenengo urratsa egin zen, ez zen erraza izan. Nolanahi ere, inertziak mugiarazten ez ezik, emakumeak ahalduntzen ahalegindu ziren emakume haiei esker, sekulako bultzada eman ahal izan zitzaion gure herriaren indarberritze prozesuari hainbat eremutan. Ondorioz, behar-beharrezkoa da gogoraraztea, bai eta emakume haien ahalegina eta etorkizunerako ikuspegia balioan jartzea ere. l