Harrezkero, hamar urte igaro dira! Aldi honetan, asko aurreratu dugu. Nolanahi ere, badira zenbait kontu oso mantso doazenak. Horien artean, iragan hits horretan, buru belarri jardun zutenen irakurketa, ezinbestez kritikoa eta autokritikoa izan behar duena. Ez indarkeriaren erabilerak aurrerapenik ekarri ez zuelako, iltzatu zuen eten moral eta etikoagatik, gure artean eragin zituen biktimengatik eta sorrarazitako sufrimenduengatik baizik. Halakoetan, badakit badirela batzuk iraganari begiratu behar ez zaiola diotenak, kapitulu hori itxitzat jo behar delakoan. Kapitulu bat itxi ahal izateko, ordea, komeni da ganoraz ixtea, deserosoak diren kontuak eta erantzukizunak onartuta, beste batzuen ahaleginik eza egin beharrekoari izkina egiteko aterki gisa hartu gabe.

Irakurketa hori ezinbestekoa da bizikidetza bestelako zimentarri baten gainean eraiki ahal izateko, askotarikoen arteko gizartea eraikitzeko, azken hamarkada honetan segitu baitu desberdin pentsatzen dutenekiko jazarpenak, nahiz eta intentsitatez txikiagoa izan den. Bizikidetzak abiaburuak eta jarraibideak partekatzea eta zoru erkidea eratzea eskatzen du. Ildo horretako pedagogia soziala egitea falta da, bai eta are irmoago azaltzea ere desberdin pentsatzen dutenak jazartzen edo iraintzen direnean.

Argitu gabe segitzen duten atentatuak argitzea garrantzitsua da biktimentzat, haien senide eta lagunentzat. Horri ezin zaio bizkarra erakutsi, izan ez balira bezala aritzea bidegabea da eta! Baina horrek guztiak ez gaitu herbaldu behar. Komeni da dezakegun guztia egitea indarkeriaren zirimolan murgildu edota berau elikatu zutenen inguruabarrak arintzeko, atzerritik etortzeko edota kartzeletatik irteteko moduak bilatuz, erraztuz eta gizarteratzeko aukerak eskainiz. Biktimak iraindu gabe, berriz biktima bilakarazi gabe. Bizi izandakoa ezin dugu ahaztu, baina iraganak ezin geldiarazi gaitzake, ezin oztopa dezake eginkizun daukaguna, askotarikoen arteko bakea eraikitzea, etendako josturak berriz josten saiatzea, alegia.