Ustezko gizartearen aurrerapena eta estatua modernizatzea aitzakiatzat hartuta, Espainiak, alde bakarreko erabakiz, foruak ezabatu zituenean, autogobernuaren azken hondarrak erauzi zituen, eta beraz, diotenaren kontra, foruak kentzea ez zen bi aldeen adostasunaren emaitza, alde batek besteari ezarritako erabakia baizik.

Frankismoaren ondoren, Gernikako estatutua onartu eta autogobernuaren zenbait ezaugarri berreskuratu ondoren, XIX. mendetik zirauen ezinegon bati irtenbidea aurkitu zitzaiola ematen zuen... baina, Espainiako agintaritza izan duten PSOE eta PP alderdiek ez dute leialtasunez jokatu onetsitako horretan. Aitzitik, ahal izan duten guztietan, ahaleginak eta bi egin dituzte Gernikako estatutuan jasotakoa atzeratzeko, ez bete-tzeko edota artean Eusko Jaurlaritzaren esku zeuden eskumenak kimatzeko. Esaten ari naizen adierazle garbia da berrikitan Eusko Jaurlaritzak Gernikako estatutua dela eta, aurkeztu berri duen txosten mardula.

Inguruabar horretan, estatutua eguneratzeko eginiko proposamena hankamotz geratzen da hitzartzen dena gauzatzeko heldulekurik ez badauka... Eta horretan datza arazoa, baten batzuek estatutua hobetzea eta estatusean aurrera egitea aurrez aurre jartzen dute eta. Esperientziak diosku, ordea, ezer gutxirako balio duela estatutua eguneratzea, gero, alde bakarreko interpretazioa tarteko, horren gauzatzea ezinean itoko bada. Ondorioz, erabateko zen-tzua dauka norabide bietan lan egin nahi izatea. Alde batetik, estatutua gaurkotzea eta, beste aldetik, aitortutako bi subjektu politikoen arteko harremanak tarteko, adosten dena betearazteko behar diren bermeak eta heldulekuak hitzartzea.