Izurriteak denoi eraso egin digu, batzuei lana galaraziz, beste ba-tzuei negozioak itxiaraziz, mugikortasuna murriztuz, familiak elkarrengandik urrunduz eta elkarrekin bizitzea zailduz, hil diren senideak agurtzea are nekezago eginez, gogoko genituen kirolak egitea ezerezean lagaz eta abar. Horri gehitu behar diogu bakardadean, nagusien egoitzetan edo erietxeetan, izurritearen hasieran hildako pertsonen egoera; hildako milaka pertsona edota, birusa gainditu ondoren, ondorio larriak pairatzen ari direnen egoera. Egoera larri honen aurrean, gutxiengo batek, arauak hankartetik igaroz, nahi dutena egiten uzten ez zaielako polizien ustezko jazarpena ahotan hartzea eta udaltzainen eta ertzainen kontra oldartzea neurririk gabea irudi-tzen zait... Eta, halaber, ulertezina halako jokabideei sektore politiko eta sozial jakin batek erakutsi dien hurbiltasuna, gauzak onbidera daitezen baino, are gehiago oker-tzea ekarri duena.

Arazo ez dira eremu publikoetan dauden ertzainak edota udaltzainak, botiloi egin edo kale-edanean ibiltzeko asmoz, eremu publikoez jabetzen direnak baizik, herritarrek eremu horietara hurrera daitezen eragotziz, herritarren atseden hartzeko eskubidea oztopatuz eta inguruak erabat lorrinduta lagaz. Bizi dugun egoeran jokabide adeigabe horiek gertatzen badira, leku desberdinetako pertsonak bilduta, distantzia fisikoa gorde ez eta maskara jantzi gabe, ezarrita dauden arauak bete gabe eta abar... zalantzarik ez dago jokabide horiek eragotzi behar direna arduragatik, osasun arrazoiengatik eta arauak betetzen ari den gehiengo zabal bati zor zaion begiruneagatik, bereziki, eremu horietan bizi diren herritarrei zor zaien errespetuagatik. Ala botiloiak, parrandak eta antzekoak ote dira jendedi zenbaitek izurriteari aurre egiteko egin dezakeen ekarpenik behinena?

Ez noa loturak egitera, nahiz eta jarrera batzuen atzealdean sektore sozial eta politiko jakin bat ageri den, zein gutxi diren estaltzeko asmoz, hainbatetan sigla andanaz hornitua ageri dena. Edozein gisaz, galdetu beharko genieke zein den izurriteari aurre egiteko duten eredua, festarik festa ibiltzea, osasun-arloko zein bestelako neurririk ez betetzea, joan berri den eta hastapenean zoriondu zuten Trump presidente ohiaren antzera?